Hori da ostegun honetan Sare elkarteak adierazi duena. Azken unera arte saiatu dira legearen erreforma gauza ez zedin, baina azkenean ez da berriz Espainiako Kongresuan bozkatu behar, PPk nahi zuen moduan. Hortaz, aste honetan bertan legea Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta indarrean sartuko da. Aske geratuko direnez gain, jadanik libre diren hamabost presok behar baino espetxe denbora gehiago egin zuten.
Ordua zela adierazi du Sare euskal preso politikoen aldeko elkarteak, “duela hamar urte egin behar zena orain egin da eta horrela normaltasun juridikoan kokatuko gara”. Joseba Azkarragak eta Bego Atxak hitz egin dute Gasteizen eta argi esan dute hau ez dela “orain presoen irteera errazteko arau bat, baizik eta 2014an egin zutena zuzentzeko” neurri bat.
Gogoratu behar da EBko zigorren bateratzea agintzen zuen Europako zuzentaraua 2008koa dela eta Espainiak 2014an jarri zuela indarrean, baina euskal presoak lege horretatik salbuetsita. Beraz, “berandu, baina arbitrariotasunari amaiera eman zaio. Pertsona batzuen kaleratze datak aurreratzen dira data hauek lehenago modu bidegabean atzeratu zirelako”.
Horren ondorioz, diotenez, lege erreformak 52 presori eragingo die: 48 Euskal Herriko espetxeetan daude, hamabi Martutenen, 29 Zaballan, bost Basaurin eta bi Iruñean. Beste lau Frantziako kartzeletan daude. Kalkuluak beti ez direla samurrak adierazi dute, baina Sareren ustez, horietatik zazpi preso berehalakoan atera beharko dira kalera, dagoeneko zegokiena baino urte gehiago egonda espetxean; eta jadanik libre diren beste hamabostek ere zegokiena baino gehiago bete zuten, “ez dago formula juridikorik galdu duten askatasun galera horregatik erreparatzeko”.
2014an ere zalantzak Auzitegi Nazionalean
Bi ordezkariek adierazi dute hasieratik egon zirela legeari buruzko zalantzak eta, hala ere, aurrera egin zela. Azaldu dutenez, orduan ere, legelariek borondate ona izan balute, Luxenburgoko EBko Justizia Auzitegira joko zuketen, galdetzeko ea 7/2014 legea ongi egokitzen zen 2008ko zuzentaraura.
Areago, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salako Hirugarren Sekzioko hiru magistratu kontsulta hori bideratzen saiatu ziren, baina Zigor Arloko Aretoko Lehendakaritzak errotik geldiarazi zuen ekimena, hori eskatzea osoko bilkurari zegokiola argudiatuta. Eta osoko bilkurak erabaki zuen ez eskatzea, baina ez aho batez, bost magistratuk boto partikularra eman zuten eta beste hiruk horrekin bat egin zuten.
Preso horiei kalte bikoitza egin zaiela azpimarratu dute, batetik zegokiena baino zigor luzeagoa bete dutelako, eta bestetik, denbora horretan espetxe egoera hobetu zezaketelako gradu desberdinetara igarota, “baina ezin izan dute eta beren espetxe ibilbidean aurrera egiteko oztopo bidegabea jasan dute. Kalte hau ere konpon ezina da”.
Lege-zuzenketa ezinbestekoa zen
Lege erreforma honegatik kexu eta minduta agertu direnei ere zuzendu zatzaizkie, “pentsarazi zaie 2014ko arauaren eragina denbora mugagabean luzatuko zela; afera honetan parte hartu duten eragile guztiek jakin bazekitenean goiz ala berandu auzi hau birbideratu beharko zela”. Legea terrorismoaren aurkako borrokaren ikuspegian oinarritu zela, baina hori justifikaezina dela, “ETAren jarduera 2011. urtetik etenda zegoelako; denontzat gauza jakina baitzen ETAren jarduera betirako desagertua zela”.
Hurrengo helburua: 40 urteko espetxealdia
Bi oharrekin bukatu dute agerraldia Azkarragak eta Atxak: batetik, dei egin diote euskal administrazioari ez daitezen luzapenetan ibili euskal espetxeetako teknikari zein profesionalek egiten dituzten proposamenak ebazterakoan; bestetik, 7/2003 Lege Organikoa indargabetzeko eskaera egin dute. ETAren aurka egiteko ad oc egindako lege horren bidez, Espainian Legez 30 urteko gehienezko espetxe zigorra 40 urtera aldatu zen ETAko presoen kasuan 2003an: “Lege horren egokitzapena edo indargabetzea izango da gure helburu nagusietako bat”.
Prentsaurrekoan balorazio gehiago eta zabalago ere egin dituzte, eta horien berri jakin nahi duenak Sareren webgunean kontsulta dezake gaurko agerraldi osoa.