Turkiaren ekimena babestu dute nazioarteko herrialde ugarik, gehienak arabiarrak edo islamiarrak, baita Hegoafrika, Brasil, Kuba, Errusia, Norvegia eta Vietnamek ere, besteren artean.
Nazioarteko Justizia Auzitegiak uztailean emandako iritziari heldu dio Turkiak: su-eten erreal bat gertatu ahal izateko, Israeli ez zaizkiola armak eta munizioa eman behar. Eta horrez gain, eskakizunaren dokumentuak jasotzen du auzitegi horrek berak emandako ebazpenaren argudioa, Israel Palestinan egiten ari den kolonizazioa nazioarteko legediaren aurkakoa dela.
Turkiako Gobernuak ekimen bat iragarri du, Nazio Batuen Erakundeari –eta bertako kide diren estatukideei– eskatzeko blokea diezaiotela Israeli munizio eta arma hornidura, Gazako zerrendako eta Libanoko erasoak apaldu ditzan. Ekimena Turkiak aurkeztu du, eta beste 51 estaturen babesa jaso; gehienak arabiarrak edota islamiarrak dira, eta hauexek dira gainontzeko batzuk: Hegoafrika, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Kuba, Mexiko, Nikaragua, Norvegia, Errusia, Senegal, Txile, Txina, Venezuela, Vietnam edo Zimbabwe.
Hedabideen polarizazioa
"Ez da ezertan geratuko", dio The Times of Israel egunkari sionistak, argudiatuz ez dela Turkiaren azken boladako eskaera bakarra izan. Albistea idatzi duen kazetariaren esanetan, Turkiaren aldetik "israeldarrek espero behar dituzte horrelako esku hartzeak", izan ere, oroitu du Turkiak adierazia duela asmoa Israel noizbait inbaditzeko. Are gehiago, Hamaseko zuzendaritzarekin batzartu izan omen da Recep Tayyip Erdogan presidentea azken urteotan.
Anadolu Ajansi komunikabide turkiarraren arabera, bestalde, Turkia bera ari da "saihestezina dena egiten", Hegoafrikaren bide "erreferentea" jarraituz. Bi estatuen balizko soluzioa aldez edo moldez deuseztatu nahi du Israelek, Erdoganen esanetan, eta, hori horrela izan dadin, gatazka beste lurraldetara hedatzeko lanean ari da, bereziki Libanori eraso eginda.
Presio NBEri
Pasa den astean, Israelgo parlamentuak lege bat onartu zuen NBEren parte den UNRWA agentziari, Palestina barneko laguntza humanitarioaz-eta arduratzen denari, jarduna galarazteko. Palestinatik kanporatzeko legea da, gehiengo zabal batez onartu zuena parlamentuak. Bada, UNRWA Palestinatik ateratzea lortu ez ezik, Al Jazeera hedabidea Israeletik kanporatu du gobernuak.
Palestina kanpotik ari da informatzen orain Al Jazeera. Mohammed Vall kazetariak artikulu honetan seinalatu duenez, "ardura ezbairik gabe NBEren teilatuan dago", Israelen inpunitateari hankak mozteko. "NBEren sinesgarritasuna eta baliozkotasuna jokoan dago", kazetariaren esanetan. "Ekintza zuzen eta neurri zehatzak" eskatu dizkio NBEri.
Israelen erasoek ez dute etenik
Asteburua ere odoltsua izan da, bereziki Gazako zerrendan, baina Zisjordanian hainbat erasoaldi ere egin ditu Israelgo armadak.
Palestinako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, dagoeneko 43.341 dira Israelen erasoaldietan hildakoak. Azken 24 orduotan, 27 palestinar hil eta 86 zauritu ditu estatu sionistak, errefuxiatuen gune bati eraso egin ostean.