argia.eus
INPRIMATU
51 urteko langile bat hil da Etxarri Aranatzen
  • Astearte goizean hil da Etxarri Aranazko Industrial de Armaduras Omnia enpresako langilea, 51 urtekoa. Nafarroan 24 ordutan eman den bigarren lan heriotza izan da, astelehenean Cintruenigon gertatutakoaren ondoren.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 28a
Argazkia: Google Maps

06:51ean, 51 urteko altsasuar bat zendu da Etxarri Aranazko (Nafarroa) Zumurdiñeta industrialdean dagoen Industrial de Armaduras Omnia enpresan. Foruzaingoak emandako lehen datuen arabera, prentsa mekaniko batek harrapatu du langilea, mantentze lanetan ari zela.

Nafarroako 112 larrialdi zerbitzuak, Foruzaingoa, suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak bertaratu dira ezbeharra eman den tokira, baina heldu direnerako langilea hilik zegoen. Foruzaingoak bere gain hartu du gertatutakoa ikertzeko ardura.

Cintruenigon aurrena

LABen arabera, Hego Euskal Herrian aurten hil den 51. langilea da eta 24 orduren buruan, Nafarroan eman den bigarren lan heriotza. Astelehen honetan 54 urteko langile bat hil da Cintruenigoko industrialdean, nabe bateko teilatua hondoratzean.