argia.eus
INPRIMATU
50x70: Zumaiako zentsuraren neurriak
  • Ez dakigu udal gobernu hau adierazpen askatasunari neurria hartu ezinda dabilen edo gu, herritar eta eragileak gabiltzan udal gobernu honen erabakiei neurria hartu ezinda.

Kalea guztiona da 2016ko abuztuaren 23a

Zumaiako alkatea nonbait konturatu da kartel, pankarta eta abar erabat debekatzea ezinezkoa dela eta estrategia aldatzea erabaki du. Herrian zehar jarri diren kartelentzako dozenaka panel berriak dira horren froga.  Halere, herritarren adierazpenerako lekuak eskaintzea onuragarria bada ere, berriz agerian geratu dira kartel, pankarta eta kartelen auzian udal gobernuaren egiazko asmoak: agintea eta kontrola.

Agintea

Panelen kopurua, beren tamaina, kokalekua, diseinua, arauak... Hori dena, gehienez, sei lagunen artean erabaki dute, udal gobernuaren ardura duten sei zinegotziek. Gai hau denoi eragiten digun kontua izanik ere, herrian polemika handia piztu duena, erabakiak herritarren eta eragileen bizkarrera hartu dituzte. Egun batean esnatu eta herria panelez josita topatu dugu. Eta kito. Ez bazaizu gustatzen, hor konpon. Hori agintekeria da. Politika egiteko era zaharkitua.

Kontrola

AEBtako indioentzat ghettoak egin zituzten (erreserba deitu zioten), gobernuak beraiek kontrolatzea errazago izateko. Haien ahotsak jendearengandik urruntzeko. Bada, Zumaiako alkatea bide beretik doala dirudi. Muralak (Erribera kalean 11 zentsuratu dituzte honezkero), pegatinak eta pankartak debekatu dituzte eta kartelentzat ghetto kontrolatuak sortu dituzte. Panel horietatik kanpo dagoen oro zentsuratuko dute. Bide horretatik jarraituz gero, hurrengoa zer izango da? Madrilgo Esperanza Agirrek proposatu zuen manifestodromoa, akaso?

Baina paneletan jarriko diren kartelentzat ere badira debekuak. 70x50 cm-tik gorako kartelak ez dituzte onartuko eta kenduko dituzte. Zertan oinarritu da alkatea neurri horiek ezartzean? “Estetika” kontuak akaso? Garai bateko zoritxarrezko 90-60-90 bezala? Nork erabaki ditu neurri horiek? Zer parte hartze prozesu egon da debeku hau erabakitzerakoan?

Gutxi batzuen kontrolpean mantendu nahi dute gai hau, eta horregatik politikari gutxi batzuek bilera batean erabakitako neurria izan da, inolako oinarririk ez duena. Eta herritarroi, beste behin ere, azalpen bakar bat ez zaigu eman.

Hitzez Mozal Legea arbuiatzen duen udal gobernu honek ez dio praktikan adierazpen askatasunaren gaiari neurria hartzen, eragile eta herritarrekin hitz egin beharrean inorekin adostu gabeko erabaki zentzugabeak hartzen jarraitzen du. Noiz arte horrela? Atera zuen gotorlekutik, jaitsi kalera eta egin politika. Egiazko politika. Herritarrekin batera egiten dena.

Kalea Guztiona Da
Zumaiako 33 talde eta sindikaturen babesa du ekimenak

Artikulu hau Baleikek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra