argia.eus
INPRIMATU
500.000 kutsatu, 16 milioi langabetu gehiago, hobi komunak... koronabirusa munduko “lehen potentzian”
  • Daturik txarrenentako bat gainditu dute AEBetan: 24 ordutan 2.108 pertsona hil dira koronabirusagatik. Orain arte ez da munduko beste inon gertatu. Honezkero, kutsatuak milioi erdia baino gehiago dira AEBetan, Johns Hopkins Unibertsitateko azken datuen arabera.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 11
Koronabirusak hildakoak lurperatzen, New Yorkeko irla batean sortutako hobi komunean. Argazkia: Shutterstock

Amerikako Estatu Batuetan koronabirusaren pandemiak eragindako hildakoak 18.637 dira eta beraz, egunotan orain arte txarrenak ziren datuak, Italiako 18.849ak, gaindituko dituzte. Joera gainera ez da oso itxaropentsua: ostiralean 2.108 pertsona hil ziren, eta aurreko hiru egunetan 1.878, 1.936 eta 1.879 hurrenez urren.

Kutsatutakoak 500.000 baino gehiago dira honezkero, mundu osoan kontabilizatutakoen ia herena, Johns Hopkins Unibertsitateak eguneratzen duen zenbaketa orokorraren arabera. Krisiaren epizentroak New Yorkeko estatuan jarraitzen du, eta ostiralean 170.000 kutsatu baino gehiago zeuden.

Hildakoen kopurua ezin kudeaturik, hilobi komun handi bat irekitzea erabaki dute New Yorken. Hart uhartean, herrialdeko hilerri handienetako batean sortu dute eta 25 bat gorpu iristen dira egunero, osasun larrialdia hasi zenetik. Inork bere gain hartu ez dituen hildakoen hilkutxak sartzen ari dira hobian, baita hileta gastuei aurre egin ezin dieten familietako kideak ere.

Azken hiru asteetako datuak batuta, koronabirusaren krisia lehertu zenetik AEBetan 16,8 milioi lanpostu galdu dira eta beraz prestazio soziala eskatu duten herritarren kopurua izugarri hazi da, pribatizatua den osasun sistemarako sarbidea duten lagunen kopurua txikitzearekin batera.