Palacio de Arozteguia S.L. enpresak –Aroztegiaren proiektua bultzatzen duen enpresa– egin du salaketa. Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordea proiektuaren alde agertu da beste behin.
Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak Lekaroz bisitatu duela aprobetxatuz egin dute prentsaurrekoa proiektuaren aurkako plataformako kideek. Zazpi baztandarri 50.000 euroko kalte ordaina eskatu diete, salatu dutenez. Kaltetuak Andone Garde, Begoña Etxandi, Itziar Torres, Agurtzane Obregozo, Karlos Beristain, Garbiñe Elizegi eta Miren Meoki dira, besteak beste.
Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohi eta Aroztegia...eta gero zer? plataformako kideak adierazi du oraindik ez duela jaso salaketarik. Zenbat iturrik baieztatu dutenez, prebarikazioa egotzi die enpresak Elizegiri eta Joseba Otondo Baztango egungo alkateari. Maiatzaren 24an deklaratu beharko dute biek.
Horren aurrean, plataformako kideek salatu dute enpresaren helburua dela herritarrak "isilarazi eta beldurtzea", proiektu urbanistiko "espekulatzaileari" buruz duten iritzia eman ez dezaten.
"Dirudunak direnez, Nafarroako komunikabide hegemonikoak erabil ditzakete beren bozgorailu bezala". Dena den, adierazi dute ezingo dutela inolaz ere geldiarazi ehunka baztandarrek abiatu duten herri galdeketaren prozedura. Zentzu horretan, salatu dute gatazka soziala demokratikoki konpondu beharrean, jazarpen judiziala jarri duela martxan Palacio de Arozteguia S.L. enpresak.
Gobernua babesten duten alderdien arteko desadostasunak
Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak aroztegiaren proiektua babestu du beste behin. Egitasmoaren bultzatzaileekin elkartu da gaur Lekarozen. "Proiektuak interes turistikoak ditu eta lanpostuak sortuko ditu", azaldu du.
Galdeketa eskaerari erantzunez, Aierdik azpimarratu du "amaitu dela" hori egiteko epea eta segurtasun juridikoa eman behar zaiola proiektuari. Era berean, nabarmendu du inguruko udal askok babestu dutela proiektua. "Interes pribatua ez da kaltegarria, publikoarekin bat egiten badu", adierazi du Aierdik.
Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak kritikatu egin du Aierdik proiektua babestu izana, prentsa-ohar batean. "UPNren pozoitutako herentziatzat" jo du egitasmoa, aurreko gobernuak Baztango Udalarekin kontsultatu gabe onartu zuelako Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plana (UGEP).
Araizen ustez, "onartezina" da "espekulazio kutsuko" proiektu hori babestea. "EH Bilduk babestu egin du proiektu turistikoa; ez ordea, 228 etxebizitza barnebiltzen dituen hirigintza proiektua".