argia.eus
INPRIMATU
50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek, mende erdia bete berri
  • Langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eraman, eta aldaketa soziopolitikoa lortzeko "eragile aktibo" izanen dela nabarmendu du LABek 50. urteurreneko ospakizunean.

Olaia L. Garaialde 2024ko apirilaren 09a
“Esplotaziorik gabeko jendartea sortzea da gure handinahia, bai Euskal Herrian baita mundu osoan ere”. ARGAZKIA: LAB

Iraganeko, oraineko eta etorkizuneko lanari erreparatu dio LAB sindikatuak 50. urteurreneko ospakizunean. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrek nabarmendu dute 50.000 afiliatuko langa gainditu dutela, eta "osasuntsu" eta "indar betean" daudela. Langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eraman, eta aldaketa soziopolitikoa lortzeko "eragile aktibo" izanen direla nabarmendu dute: "Esplotaziorik gabeko jendartea sortzea da gure handinahia, bai Euskal Herrian baita mundu osoan ere".

Bilboko Euskalduna jauregian egin dute ekitaldia, eta esan dute militantziari esker loratu direla: "Duela 50 urte langile abertzale talde batek jarri zuen gaur LAB denaren hazia".  Kontraboterea, izaera soziopolitikoa, independentzia, antikapitalismoa, feminismoa, antirrazismoa eta beste, ardatz dituztela nabarmendu, eta frankismoaren aurka egindako lana goraipatu dute: "Ezker Abertzaleak euskal nazio askapenerako egitasmoa birsortu zuen. Herri honen askatasunaren alde diktadurari aurre egin eta bere onena eman zuen eta ematen ari da".

Europan eskuin muturra indartzen ari den arren, nabarmendu dute zenbait lekutan, esate baterako, Irlandan eta Euskal Herrian, ezker subiranismoa ari dela "indartzen" alternatiba gisa: "Langileak agortzen dituen ziklo politikoari agur esan nahi diogu". Horregatik, krisi ekologikoari zein ekonomikoari aurre egiteko politika burujabeak beharrezkoak direla uste dute: "Arlo soziolaboralean lan kode eta gizarte segurantza propioa aldarrikatzen ditugu euskal langileen lan eta bizi baldintzak bertan erabaki ahal izateko".

Azkenik, Euskal Herriaren "nazio askapenerako" eta "eraldaketa sozialetako" bidea zabaltzen jarraitzeko konpromisoa nabarmendu dute: "Langileon antolakuntzaz eta borrokaz egingo dugu".