Nafarroako ikurren legea aldatzeko herri ekimen legegileak 5.016 sinadura lortuta lehen tramitea gainditzea lortu du. "Guztion Nafarroan, guztion ikurrak" izena jarri diote ekimenari.
4.900 sinadura behar zituen herri ekimenak aurrera egiteko, hauteskunde erroldaren %1 alegia. Sinadura kopurua gaindituta, orain, legebiltzarrean defendatu beharko dute proposamena, Noticias de Navarra egunkariak argitaratu duenez.
Herri ekimen legegilearen bultzatzaileek ekainaren 5eko 14/2012 legea aldatu nahi dute. Eneko Compains eta Aitor Sola ekimeneko kideek esan dute ikurren legea “anitza, justua eta demokratikoa” izan behar dela.
Nahi duten udalek Ikurriña jartzeko aukera
Besteak beste, udalek hala nahi izanez gero balkoian Ikurriña jartzeko duten eskubidea lortu nahi dute Nafarroako ikurren legearen aldaketarekin. “Ikurriña ikur demokratikoa da, milaka nafarrek bere egiten dutena”, esan dute herri ekimen legegileko kideek.
Hemendik aurrera legebiltzarreko alderdiekin batuko dira euren nahiak "guztiz arrazoizkoak eta demokratikoak” direla azaltzeko eta babesa eskatzeko.