Herri Berri taldeak abiatu zuen ekimena uztailean hainbat eragileren babesarekin, Donibane Lohizunen eraiki nahi duten surf parkearen aurka. Sinadurak biltzen ari dira sarean eta dagoeneko 5.200 jaso dituzte.
Lapurdiko kostaldean, itsasotik oso gertu, Donibane Lohizuneko lurretan olatu artifizialak sortzen dituen 155 metroko igerilekua eraiki nahi dute. 1.500 metro koadroko eremua hartuko du, hamar igerilekuren tamainakoa. Horrekin batera, 100 bat gela izango dituen lau izarreko hotela, saltokiak eta jatetxea, besteak beste, eraikiko dituzte haren inguruan. Proiektua Boardriders konpainiarena da, Donostiako Wavegarden enpresarekin elkarlanean eta Donibane Lohizuneko herriko etxearen babesarekin.
Makroproiektu horrek espazio naturalak eta laborantzako lurrak suntsituko dituelako kexu dira. Eta gaineratu dutenez, proiektua hasieratik ez da herritarrekin adostua izan. Ingurumenarekiko "zentzugabekoa" dela diote Herri Berriko kideek, urbanizazio eremua handituko duelako, lurren artifizializazioa eragingo duelako eta energia zein ur gehiegi xahutuko dituelako, besteak beste.
Ingurune horretako nekazari eta abeltzainak egitasmoaren aurka agertu dira herriko eta Lapurdiko beste zenbait elkarterekin batera. Horietako bat da Europako Sufrider, "itsasoak eta hondartzak babesteko" sortutako fundazioa. Olatu artifizialetan oinarritutako proiektuen aurka dira, areago "olatu naturaletatik gertu" egonda.
Euskal Elkargoak otsailaren 22an onartu zuen proiektua eraikitzeko plana, eta herriko kontseiluan Herri Berri taldea izan zen eraikuntzaren aurka agertu zen talde bakarra.
Uztailaren 17an abiatu zuen "Lohizunen uhin artifizialik ez" sinadura bilketa Herri Berri taldeak eta egun gutxi batzuen buruan 1.250 sinatzaile inguru eskuratu zituen. Egun, 5.200 herritar baino gehiagoren babesa jaso dute.