Arabako aztarnategi arkeologikoaren ondoan 280 metro luze eta 72 metro zabal dituen egitura ezkutatzen da soroen azpian. Arkikus enpresak drone bidezko kartografia teknika bereziak erabilita egin du aurkikuntza. Euskal Herrian ez da halako besterik eta Tarraco edo Calagurris hiri erromatarren parekoa izan daiteke. Iruña-Veleiako beste ehunka egitura ere identifikatu dituzte teknika horren bidez.
Iruña-Veleiak jarraitzen du arkeologiaren mundua astintzen. Oraingoan, aurkikuntza ikusgarri bat egin dute: 5.000 lagun ingururentzat izan zitekeen ia bi mila urteko erromatar zirku bat dago gordeta aztarnategiaren azpialdean.
Asteartean aurreratu zuten albistea Cadena Ser irrati katean eta asteazken goizean eman dituzte aurkikuntzaren xehetasun gehiago jendaurrean, Arabako Diputazioko eta Eusko Jaurlaritzako kultura arduradunek eta Arkikus enpresako Javier Ordoñok eta Iker Ordoñok.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuaren iritziz, "aurkikuntza oso garrantzitsua da, eta berriz ere berresten du Iruña Veleia antzinaroko aztarnategi handi bat dela, ikertzeko potentzial arkeologiko eta historiko handia duena".
Aztarnak aurkitzeko teknika berezia erabili du Arkikusek: airetik ateratako argazki zahar zein berriak, drone bidez ateratako irudiak eta LiDAR laser eskanerrarekin egindako kartografia. Hala, 280 metro luze eta 72 metro zabal duen egitura bat identifikatu dute, "zalantzarik gabe" zirku erromatarra izan daitekeena.
Egituraren dimentsioak eta ezaugarriak antzeko beste monumentu batzuenak direla azaldu dute enpresa arkeologiko horretako arduradunek. Zabaldutako argazkietan, bi lerro paralelo dituen eta alde batean zirkulu erdiz itxita dagoen forma luze bat antzeman daiteke, soroen lurpean. Orain indusketen bidez konfirmatu beharko dute aurkikuntza, hala ere.
Zirkuetan zaldi eta gurdi lasterketak egiten zituzten batez ere erromatar garaian; aldeetako batean porta triumphalis zegoen, irabazlea hortik ateratzen baitzen, dio Javier Ordoñok Radio Euskadin egindako elkarrizketan.
Ordoñok orain arte hain egitura handia hor zegoela jabetu ez izanaren arrazoiak ere azaldu ditu: "Inork ez du begiratu behar diren begiekin, entrenatu gabe zegoelako, eta ez dira erabili teknologia egokiak".
Arkikuseko kidearen esanetan, behaketa egiteko momentua ere gakoa izan da: "Guk soroen hazkundea konparatu dugu, eta horrek, egitura batzuk erakutsi dizkigu. Hori soilik egin daiteke udaberriaren amaieran oso egun zehatzetan, aleak heltzen direnean eta baldintza egokiak daudenean. Ia-ia ikusi ahal izan dugu zirkua lurretik ateratzen, nolabait esateko".
Ehundaka eraikin lur azpian
Iberiar Penintsula iparraldean aurkitu den halako hirugarren zirkua da, Tarragonako Tarraco hiri erromatarrekoa eta Calahorrako Calagurris-ekoa dira beste biak. Horrek adierazten du Iruña-Veleia hiriak I. eta V. mendeen artean Astorgatik Bordelera zihoan galtzadaren ondoan izan zuen garrantzia, arkeologoen ustez.
Gainera, oraindik beste egitura ugari daude aurkitzeko. Arkikusek aztarnategiaren 251 hektarea inguru behatu ditu teknika berezi horiekin eta ehunka eraikinen aztarnen "ebidentziak" identifikatu ditu. Hirigintza antolatu batenak dira, hala nola: arkupedun kaleak, espazio publikoak, etxebizitzak, auzoak eta kulturako tenpluak; baita beste azpiegitura batzuk ere, ur hornidurarakoak kasu.
Hala ere, Arkikuseko arduradunek zuhurtzia ere azaldu dute asteazkenean egindako agerraldian, eraikin batzuk argi ikusten direlako baina beste batzuk antzinako egiturak direnik baieztatzeke daudelako oraindik.
Agerraldian, bestalde, bai arkeologoek bai agintariek baztertu egin dute zirkua osorik induskatuko denik, ez litzatekeelako jasangarria izango eta kontserbatzeko ere zailtasunak egongo liratekeelako: "Komeni da ikertzea, argitaratzea, dibulgazioa egitea, ekonomikoki probetxua ateratzea... baina jakintza historikoa da interesatzen zaiguna".