PPk argi utzi du Hego Euskal Herrian gaur egun dagoen polizia eta guardia zibil kopuru berbera izango dela aurrerantzean ere, 5.000 inguru. Espainiako Kongresuan eman zituen azalpenak herenegun Conrado Escobar PPko diputatuak, EAJko Aitor Esteban diputatuak egindako eskaerari erantzunez.
Escobarren esanetan, "beharrezkoa, lasaigarria eta egokia" da polizia eta guardia zibil horiek Euskal Herrian egotea. “Hauek ez daude soberan, soberan daudenak terroristak eta beraien konplizeak dira”, gaineratu zuen.
Legez besteko proposamenean egin zuen eskaera Estebanek, gaur egun “ETAren bortxakeriarik” ez dagoelako eta Gernikako Estatutuan segurtasun indarrei buruz esaten dena ez betetzeko aitzakiarik ez dagoelako. Estebanen ustez, polizia eta guardia zibilek ez dute zereginik eta ohikoan Ertzaintzari dagozkion lanak egiten ari dira, besteak beste errepide kontrolak gehitu.
CiUk eta Amaiurrek sostengatu zuten eskaera eta azken honek, gainera, gutxitu ez, polizia eta guardia zibilek Euskal Herritik alde egitea eskatu zuen. PPk, PSOEk, UPyDk eta UPNek atzera bota zuten jeltzaleen eskaera.
Eusko Jaurlaritzak ere eskaera bera egina dio Espainiako Gobernuari eta hortaz hitz egiteko biltzekotan gelditu ziren iragan martxoan Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua eta Jorge Diez Espainiako Gobernuko Barne ministroa, baina ez da bilerarik egin oraindik.