Otsailean jakinarazi zen emakume batek Bilboko Ormaetxe tabernako nagusiaren aurka salaketa jarri zuela, drogatu eta bortxatu izana leporatuz. Abiatutako salaketa dinamikaren ondotik, auzoko mugimendu feministak errepresioa jasan du: gutxienez 20 pertsona identifikatu dituzte, eta bi pertsonak isun bana jaso dute, guztira 2.500 euroko zorra pilatuz. Isun horiek Bilboko Udaltzaingoaren gezurretan oinarrituta daudela defendatuz, epaitegietara jo du mugimendu feministak; urtarrilaren 10ean dute epaiketa.
Ostegunean agerraldi publikoa egin zuen Bilboko Alde Zaharreko Mugimendu Feministak San Frantziskoko Auzo Etxean. Erasoen aurrean auzodefentsa feminista lelopean, taberna batean jasotako ustezko bortxaketa salatzeagatik jasandako errepresioaren berri eman zuten: gutxienez 20 pertsona identifikatu dituzte, eta bi pertsonak 2.500 euroko isun bana jaso dute.
Otsailean egin ziren publiko gertakariak: emakume batek Ormaetxe tabernako nagusia salatu zuen, drogatu eta bortxatu zuela adieraziz. Emakumearen kontakizuna ezagututakoan, auzoko mugimendu feministak salaketa dinamika abiatu zuen, hainbat herritar dinamikara batzea eraginez. Aurretiaz salatu izan dutenez, bortxaketa egin izanaz akusatutako gizonak jarrera erasokorra adierazi du seinalamendu publikoaren aurrean, eta Poliziarengana jo izan du; ondorioz, gutxienez 20 pertsona identifikatu dituzte "Polizia gorpu ezberdinek", eta bi pertsona isun banarekin zigortu dituzte, guztira 2.500 euroko zorra pilatuz.
Poliziaren jarrera ere salatu dute agerraldian. Jakinarazi dutenez, indarkeriazko tratua eman diete behin baino gehiagotan: "Inguratu gaituzte, mehatxuekin beldurtzen saiatu dira, eta kalez jantzitako Poliziek jarraitu gaituzte modu erasokorrean identifikatzeko". Horrez gain, jasotako bi isunak "Bilboko udaltzainek asmatutako gezurretan" oinarritzen direla adierazi dute.
Emakumeen aurkako indarkeria ahalbidetzen eta zigorgabe uzten duen duen sistema oso baten baitan kokatu dute Poliziaren jarrera: "Kriminalizatzen bagaituzte ahal dutelako da. Drogatzen bagaituzte ahal dutelako da. Ahal dutelako bortxatzen gaituzte. Eta ahal dutelako jarraitzen dute bortxatzaileek eroso eta lasai. Sistema oso batek babesten ditu. Epaitegietan, komisaldegietan, komunikabideetan baita kalean eta tabernetan ere".
Gertakizunen bilakaerak epaitegietarainoko bidea egin du. Mugimendu feminista bera izan da epaitegietara jo duena, bi kidek isuna jaso ondotik. Ondorioz, urtarrilaren 10ean epaiketa egingo da Bilboko epaitegietan.
"Auzodefentsa feminista" eta "justizia feminista" aldarrikatuz, jakinarazi dute erasoen aurrean beren arteko babesa antolatzen jarraituko dutela. Isunak ordaintzeko erresistentzia kutxa sortu dute, eta dirua biltzeko Uka artistak sortutako lamina bat jarri dute salgai. Hil bukaerara arte Bilboko Zirika!-n egongo den herri dendan eskuratu ahalko da, baita Kalamiak eta Akelarre talde feministen sare sozialetan ere.
Horrez gainera, epaiketaren harira mobilizazioak egingo dituztela aurreratu dute.