argia.eus
INPRIMATU
5.000 ‘erlezain’ lortzeko kanpaina nazionala abiatu du Herri Urratsek
  • Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 03a
"Erlezainen" kanpaina nazionalaren prentsaurrekoa. Herri Urrats

Kanpainaren hasiera iragartzeko prentsaurrekoa egin dute. Seaskako bozeramailea Erik Etxartek eta Ikastolen Elkarteko lehendakaria Nekane Artolak, egin dituzte adierazpenak, Euskal Herri osoko beste "erlezain" batzuekin batera. Kanpaina nazionalak 5.000 "erlezain" lortzeko helburua du Ipar Euskal Herriko euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babesteko.

Komunitatearen garrantzia azpimarratu dute eta kanpainaren lema horren lekuko da "Elgarrekin indartsuagoak gara. Egin zaitez Erlezain!". Izan ere, ikastoletako ikasleak "etorkizunean lan merkatuan egongo dira" eta "euskara bermatu nahi badugu haien hezkuntza bermatzea ezinbestekoa da", hala esan du erlezainen izenean Maddalen Arzallus bertsolariak. Bide horretatik, Seaska osatzen duten "erleek bizirik eta aktibo" segi dezaten, "erlezainak behar dira" adierazi dute.

Erlezain izateko gutxieneko ekarpena hamar eurokoa da eta Herri Urratsen webgunean egin daiteke. Webguneaz gain, ikastoletan zein festetan ikusgarri egongo diren puntu fisikoak ere antolatuko dituzte. Horrekin batera, lehenengo 25 erlezainen izenak ere jakinarazi dituzte: Amagoia Mujika, Idurre Eskisabel, Itziar Ituño, Ana Goitia, Kike Amonarriz, Peio Dufau, Maddalen Arzallus, Joxe Mari Agirretxe, Mertxe Rodriguez, Maider Cigarro, Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Asisko Urmeneta, Johanes Echeveste, Peio Iciaga, Jon Maia, Ibai Zabala, Maritxu Housset, Albina Stardust, Maialen Errotabehere, Fermin Muguruza, Maddalen Iriarte, Joseina Etxebarria, Olatz Salvador eta Ekain Imaz.