argia.eus
INPRIMATU
500 urteko baserria eraitsi dute AbadiƱon AHTri lekua egiteko
  • Alarma egoeran egonik ere, aurrera doaz AHTren lanak. Aste betean bi eraikin eraitsi dituzte Durangaldean: Atxondoko maisuen etxea eta Abadiñoko Mendilibar-erdikoa baserria.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko maiatzaren 15
Hondeatzailea Mendilibar-erdikoa baserria eraisten (Argazkia: EHKOlektiboa)

Duela hamarkada bat pasa hasi zituen Espainiako Adif (Trenbide Azpiegitura Administratzailea) erakundeak Durangaldeko hainbat lurren desjabetze lanak, AHTaren bidea egin ahal izateko. Aste honetan, alarma egoeraren erdian, desjabetutako lur horietan zeuden bi eraikin bota dituzte makroproiektuaren obrek: Atxondoko maisuen etxea eta Abadiñoko Mendilibar-erdikoa baserria.

Asteartean eraitsi zuten Atxondoko maisuen etxea, berau dagoen tokian 1,6 kilometroko biaduktua egiteko asmoa dute.

Zenbait ekintzailek adreiluz hormatu zuten maisuen etxea otsailaren 28an, Atxondoko Udalak AHTri "alfonbra gorria" jartzen diola salatzeko egindako protesta ekintzaren barruan. "Herriarentzat ez bada, herria txikitzeko asmoz datozenentzat ez dadila izan", egin zuten irakurketa.

Ekintza bideoan jaso zuten:

Ostegunean, berriz, Abadiñoko Mendilibar-erdikoa baserria eraitseko lanak hasi dituzte. Bertan jaiotako Roberto Arteagak Anbotori jakinarazi dionez bere garaian alegazioak jarri zituzten. Alabaina, duela zenbait hilabetetatik hutsik zegoen baserria.

Ondare historikoa dauka eraiste bidean den Mendilibar-erdikoak. Arteagak jakinarazi duenez, baserriak 500 urte ditu Gasteizko enpresa batek egindako ikerketaren arabera. “Beharbada jende batek pentsatuko du hau guztia pisu bateko etxebizitzaz aldatzea bezala dela. Niretzat, baina, ez da horrela”, adierazi dio Anbotoko Ekaitz Herrera kazetariari.