argia.eus
INPRIMATU
500 pertsonak lortu dute goizaldean Ceutako hesia gainditu eta Europar Batasunean sartzea
  • Ostiral goizaldean, 500 bat pertsonak lortu dute Ceutako hesia gainditu eta Europar Batasunean sartzea, etorkinekin lan egiten duten elkarteek jakinarazi dutenez. 700 lagun inguru izan dira Maroko eta Espainiako estatuaren arteko muga igarotzen saiatu direnak, BBCk jaso duenez. Hesiak eragindako zauriak gorputzean, pozez oihuka iritsi dira hirira. Gurutze Gorriak hainbat zauritu artatu ditu.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko otsailaren 17a
Afrikatik ihesean joandako ehunka pertsonetako batzuk Ceuta hirira diren unea. (Argazkia: AP)

Faro de Ceuta hedabideak egindako azpiko bideoan ikus daiteke ze poz eman dien Afrikatik ihesean diren pertsonei Europar Batasunak Ceutan jarria duen sei metroko hesia gainditzeak. Bizitza hobe baten ametsarekin, Europar Batasuneko bandera edo Espainiako estatukoa lepotik zintzilik sartu dira bat baino gehiago, "boza" ("askatasuna") eta "ongi etorri Europara" esanez, bideoan ikus daitekeenez.

Etxe batetik grabatutako bideoa.

200 pertsona inguru Marokoko eta Espainiako poliziak geratu ditu. Enfrentamenduak izan dira.

Azken saiakera masiboa urte berri egunekoa izan zen. Muga bera gainditzen saiatu zen 1.100 laguneko migrante taldea. Bik soilik lortu zuten muga gainditzea, eta hesiak eragindako zauriengatik ospitalera eraman behar izan zituzten.

Tarajal hondartzatik sartu dira. Hiru urte bete dira leku berean 15 lagun hil zituztenetik itsasotik sartu nahian ari zirela Espainiako Poliziak gomazko pilotak eta gas negar eragilea bota zielako. Orain gutxi kaleratu duten eta hondartzaren izena daraman Tarajal dokumentalak hautsak harrotu ditu, mahai gainean jarri baitu biktimen mina eta justizia eske dabiltzan elkarte eta lagunen aldarria. Sarean ikus daiteke gaztelaniaz.