Lizentziarik gabe 100.000 metro koadroko azaleran zuhaitzak moztu zituen iaz Higertoki enpresak, Jaizkibel-Aiako Harria korridorean egin nahi duen mega-outlet erraldoirako. Hondarribiko Abotsanitz alderdiak azaleratu zuen arau-haustea eta ondorioz isuna jasoko du enpresak, baina isunik txikiena ezarri dio Hondarribiko alkateak (EAJ).
Lege-hauste arintzat jo du gertaturikoa Txomin Sagarzazu alkateak eta lege-hauste arinek 500 eta 5.000 euro bitarteko zigorrak jaso ditzakete. Ahal den eta isunik txikiena jasoko du enpresak: 500 euro. Abotsanitzek argi du “enpresak egindakoa gutxienez 5.000 eta 50.000 euro bitarteko zigorra mereziko lukeen arau-hauste larria dela”. Hala, alkate-dekretuari helegitea jarriko dio, isun handiagoa eskatuz.
Baimenik gabe egindako txikizioaren berri eman zuen joan den urtean Abotsanitzek eta horren harira alkateak onartu behar izan zuen lanak “klandestinoak” zirela. Ondoren, lan horiek legeztatu zituen.
Irregulartasun salaketak hasieratik
Irregulartasun salaketez inguratuta egon da hasieratik Zaldunbordan abiatu nahi duten mega-outlet proiektua eta aurka ditu eskualdeko merkatari txikiak, baita Hondarribiako EAJ ez beste alderdi guztiak.
“Alkateak berriro agerian utzi du Higertokik erabateko askatasuna duela Zaldunbordan nahi duen guztia egiteko (zuhaitz mozketa, eraikin ilegala, errepidea moztu alternatibarik eman gabe...)”, kritikatu du Abotsanitz alderdiak.