Iruñeko hamar tokitan eskainiko dira aparkalekuak eta bi fasetan garatuko da, erdia 2019an eta beste erdia 2020an. Azpikontrata bidez kudeatuko da eta 370.000 euro bideratuko dira zerbitzua aurrera ateratzeko.
Mugikortasun Jasangarriaren Ituna jarraitzeko hartutako neurrien baitan kokatzen da aparkaleku sare berri hau. 2017an Mendebaldea auzoan liburutegia, filmoteka eta Musika Kontserbatorioaren inguruetan halako esperientzia bat jarri zen abian, udalaren esanetan arrakastatsua izan da eta orain Iruñea osora zabalduko da.
Aparkalekuak estaliak izango dira, bideoz zainduak eta sarrera kontrolatuarekin. Erabiltzaileak bi euro ordainduko ditu hilero eta 48 orduz eduki ahal izango du aparkatuta bizikleta. Hortik aurrera, orduko euro bat ordainduko da. Honekin bilatzen da aparkalekuaren erabilera txandakakoa izan dadila eta ez finkoa.
2019ko martxorako prest izango dira lehen bost aparkalekuak: Ospitaleen eremuan, Nafarroako Filmoteka eta liburutegi nagusian, Alde Zaharreko sarreraren batean, tren geltokian eta autobus geltokian. 2020an jarriko dira beste bostak, auzoen ikuspegian oinarrituta.
Era berean, 2019ko azarorako 220 bizikleta elektriko eskaintzen duen zerbitzua abiarazi nahi du Iruñeko Udalak. Azken urteetan alokairuan eskaini dituen 100 bizikletako zerbitzua zuen, baina bertan behera utzi berri du, segurtasunari begira mantenua ez zelako behar adinakoa. Datorren martxoan abiaraziko da berriz zerbitzua.