argia.eus
INPRIMATU
50na urteko zigor eskaria Altsasuko auzipetuetako seirentzat, 62koa beste batentzat
  • Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 50na urteko kartzela eskatu du 2016ko urrian Altsasun izandako liskarrarengatik akusatutako sei pertsonarentzat, eta 62 eta erdikoa beste batentzat. Zortzigarrenarentzat hamabi urte eta erdikoa da eskaera.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 07a
Altsasuko akusatuen alde egindako mobilizazio baten irudia. (Arg.: Guaixe)

Auzitegian aurkeztutako idatzian, fiskaltzak launa "eraso terrorista" leporatzen dizkie zazpi laguni (Jokin Unamuno, Oihan Ardanaz, Adur Ramirez, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob eta Aratz Urrizola), eta delitu bakoitzagatik hamabi urte eta erdiko espetxealdia eskatzen du, orotara 50 urte bakoitzarentzat. Unamuno, Ardanaz eta Ramirez kartzelan daude azarotik.

Lesioak ez ezik "mehatxu terroristak" egotea egozten dio fiskaltzak Ardanazi, eta eskaerari beste hamabi urte eta erdi gehitzen dizkio horregatik: 62 urte eta erdi guztira. Zortzigarren auzipetuari ere, Ainara Urkijori, mehatxu terrorista leporatzen diote; hamabi urte eta erdikoa da harentzako espetxe zigor eskaera.

Hasiera batean Iruñeko epaitegi batean zen auzia epaitzekoa, baina azkenean Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman dute, Auzitegi Gorenak ebatzi eta gero Altsasuko liskarretan guardia zibilek jasandako erasoak terrorismotzat jo daitezkeela, Covite biktimen elkarteak eskatu zuen bezala. Epaiketa hasteko data ez du oraindik jakinarazi Carmen Lamelak, auziaz arduratuko den Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Akusatuen senideak saiatzen ari dira auzia Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegira itzul dadin, oraingoz alferrik. Gaia Eurolegebiltzarrera ere eraman dute; hala, 51 europarlamentarik publikoki eskatu dute auzia proportzionaltasunez epaitua izan dadila, eta ez dadila terrorismotzat jo.