argia.eus
INPRIMATU
50 urte “gure greba” egin genuela
  • Egunotan , duela 50 urte, frankismo zapaltzaileenaren erdian, sei hilabeteko greba gogor bat amaitu zen AHVren esku zegoen Etxebarriko Laminación de Bandas lantegian: Francoren garaian egindako luzeena, 1966 eta 1967 artean. Nolabait, euskal langile mugimenduaren bilakaera markatu zuen.

Juan Mari Arregi 2017ko maiatzaren 16a

Greba hura liburutxo batean jaso zen, eta hor erakusten da bere 900 langileen borroka ez ezik, emazte eta senideek, ikasleen sektoreak, Elizak eta beste enpresetako langileek elkartasunez egindakoa. Horregatik da, “gure greba”.

Grebaren helburua zen langileentzako pizgarri ekonomikoak hobetzea lan erritmoak handitu zirelako; harridura eta haserrea sortu zituen patronalean eta gobernu frankistako kideen artean. Beren boterea zalantzan jartzen zuen mehatxu gisa ikusi zuten, eta hortik erantzun biolentoa: errepresioa, atxiloketak, erbesteratzeak, kaleratzeak... eta salbuespen egoera. Hala ere, langileek eta elkartasun sareak mugimenduarekin jarraitu zuten, 163 egunen ostean indarrez zapaldua izan zen arte.

Grebak hainbat irakasgai utzi zituen. Ez zuen helburu ekonomikoa bete, baina diru-papur batzuk baino askoz gauza gehiago lortu zituen: frankismoko gobernu polizial eta armatuaren babesa zuen patronalaren aurrean, lortu zuen duintasuna mantentzea. Elkartasun sare oso bat osatu zuen, erresistentzia kutxa bildu, eta langileak auto-antolaketaz ahaldundu ziren. Kapital horrek guztiak etorkizuneko grebak egiteko balio izan du, bost langile masakratu zituzten 1976ko Gasteizkoa kasu. Bilboko Arte Ederretako greba edo Bizkaiko erresidentzietakoa, esaterako, iraganeko eta gaur egungo adibide dira, “gure grebaren” lorratza jarraitzen baitute.