Urriaren 16tik 18ra bitartean, Film Laburren Festibala egingo da Hendaian, Begiradak elkartearen ekimenez. Etnia eta hizkuntza urrituak oinarritzat hartzen dituen erakustaldi honek bigarren edizioa du aurtengoa, eta arreta berezia ipini die epai-mahaiaren osaketari, filmen hautaketari –dokumentalak ez ezik, fikziozko lanak ere erakusten dira– eta artista gonbidatuen presentziari. Hemengo eta kanpoko 50 film labur erakutsiko dira guztira. Helburua, sortzaileei, artistei, kazetariei nahiz ikasleei elkar ezagutzeko eta eztabaidatzeko parada ahalbidetzea.
Begiradak elkarteak bi sariketa antolatzen ditu festibalean. Batetik, nazioartekoa, aurtengoan Nino Kirtadzé film-egile georgiarra buru duen epai-mahaiak aztertuko duena. Sail honetan lehiatuko diren filmak 16an eta 17an proiektatuko dira Cinéma Les Variétés aretoan, 21:00etatik eta 20:00etatik aurrera, hurrenez hurren.
Beste maila batean Akitania-Euskadiko filmak lehiatuko dira eta Marc Armspach Marko komikilaria buru duen epai-mahaiak aztertuko ditu. Sail honetako filmak 17an 16:00etatik aurrera eta 18an 10:30etik aurrera proiektatuko dira, aipatu zinema aretoan. Adierazgarria, halaber, azken egunean 16:00etatik aurrera Akitania-Euskadi sailaren barruan ikusgai izango den atala: Euskaraz bizi nahi dut.
Publiko gaztea oso kontuan izan ohi du Hendaia Film Festibalak. Haurrak eskolatik atera eta gela ilunetako ateak zabaltzera gonbidatuko ditu aurten ere. Adinera egokitutako hiru programa antolatzen dira ikasleentzat, fikzioaz, animazioaz eta doku-fikzioaz goza dezaten.
2013ko lehen edizioan 15 film lehiatu ziren nazioarteko sailean eta beste 12, Akitania-Euskadi delakoan. 1800 ikusle batu zituen ekimenak, horietarik 760 eskoletako haurrak ziren.
Begiradak elkarteak, Angela Mejías fundatzailea buru, argazkilarien eta ikus-entzunezko arteen promotoreak biltzen ditu, eta zinema sustengatzeko interesarekin bat, gainerako arteak bultzatzeko ahalegina egiten du Festibalean, erakusketak eta kontzertuak antolatuz, bereziki. Aurtengoan, H-Eden musika taldea eta Régina Engel (eskultura), Clelia Ventura (margoa), Veronika Jorquera Donoso (argazkia) eta Bernie Artcore (grafismo digitala) dira artista gonbidatuak.
Festibalari eta filmei buruzko informazioa: euskara.hendaia-film-festival.com