Alcalá de Henareseko epaitegian izango da 50 lagunen kontrako epaiketa. Bost hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat 2015eko epaiketa batean publiko gisa herri harresia irudikatzeagatik eta gazte auzipetuei babesa emateagatik.
2013. urtea sortu berri zen Ernai Gazte Antolakundeak Gazte Danbada antolatu zuen Urduñan. Ekitaldi nagusiaren egunean, Xabier Lopez Peña preso politikoa espetxean hil izana salatu zuten. Hala azaldu zuen Ernaik: “Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako salbuespenezko neurriak salatu genituen bertan bildu ginen gazte guztiok”.
Fiskaltzak eta AVT elkarteak, terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, bina urteko kartzela zigorra eskatu zuten Ernaiko sei kiderentzat. Epaiketa egunaren aurretik, Gasteizko Herri Harresian hiru gazte independentista espetxeratu zituzten. Espetxeratze hauek eta gazteriaren kriminalizazioa salatzeko, epaiketa egunean bertan, Aitor Anda eta beste zazpi kidek epaiketa eten zuten, espetxeatuen argazkiak soinean zituztela.
Gazteek, publikoaren babesa izan zuten, herri harresia irudikatu baitzuten. Angela Murillo epailearen aginduz, bertan ziren guztiak identifikatu zituzten; guztira, 50 lagun.
Hiru urteren ostean, Alcalá de Henareseko epaitegietan epaituko dituzte guztiak. Urtarrilaren 9an hasiko da epaiketa eta 15ean amaitzea espero dute. Gazte bakoitzari bost hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diote.
Albistea Topatu.infok argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta