argia.eus
INPRIMATU
5 urte eta gero SUmendin bero-bero

SUmendi espazioa 2021eko ekainaren 11

Bost urte igaro dira Gasteizko Judimendi auzoko gazte utopiko batzuek Benito Ginea kaleko garaje ahaztuan lehen txinparta piztu genuenetik. Urte hauetan su txiki hori elkarrekin indartzen joan gara; auzolanak, tailerrak, bazkariak, formakuntzak... ikasteko eta gozatzeko milaka aukera.

Kapitalaren mamuak dena irentsi nahi duen mundu honetan, aisialdi alternatiboa eta komunitatea eraikitzea izan da SUmendi proiektuaren helburua. Bide horretan, hanka-sartzeak izan ditugu, baina asmatu izan dugu ere auzotarrentzako espazio autogestionatu, sortzaile eta kritiko bat eraikitzeko bidean. Ateak ixten saiatu dira ere eta guri bost, hemen jarraitzen dugu Judimendiren alde lanean.

"Zer eskaini ahal dio Sumendik auzoari? Irailean, proiektuak martxa berri bat hartuko du eta denborak esango digu bide onetik goazen"

Urte zail honetan, SUmendiren ekarpena hilero ekintza ezberdinak eskaintzea eta scaperoom bat sortzea izan da. Artisauek ere bere lekua topatu dute lau pareta hauen artean antolatutako azoketan. Bestalde, hausnarketa prozesu sakona bizi izan dugu proiektuaren norabidearen inguruan. Galdera nagusia argia zen, zer eskaini ahal dio Sumendik auzoari? Irailean, proiektuak martxa berri bat hartuko du eta denborak esango digu bide onetik goazen.

SUmendi judimenditar guztien espazioa bihurtzea nahi dugu, gaztetxeak gazteon etxeak diren bezalaxe. Zertarako beharko zenuke zuk lokal handi bat? Zer antolatu nahiko zenuke bertan? Bestalde, aisialdi alternatiboaren bidean, auzoan kultura, feminismoa, euskara, sorkuntza, kritikotasuna, komunitatea eta beste mila ideia lantzeko ekintza ezberdinak antolatuko ditu SUmendik. Proposamenik ahal duzu?

Urtebetetzea ospatzeko, V. SUmendi Eguna antolatu dugu ekainaren 19an, larunbata. Egun osoko egitaraua izango dugu gozagarri, goizean antzerki tailer batekin hasita. Gero betiko jolasetan arituko gara parkean, eta arratsaldean ospakizun ibiltaria izango dugu Judimendiko hainbat plazatan ekintza txikiak burutuz. Bakarrik zu behar zaitugu SUmendirengatik topa elkarrekin egiteko!

Bost urte hauetan, txinparta horretatik abiatuta, SUmendiko laba harri bihurtu eta auzoan errotu da proiektua. Esku osoa beteta, hamaika xede ditugu oraindik aurretik eta zu ere behar zaitugu bide horretan. Bost urte eta gero SUmendin bero-bero!