Lehengo asteko astelehenean hasi zen nekazarien greba jadanik Kolonbiako 13 departamendutara zabaldu da, eta mobilizazioek ez dute etenik. Nekazariek gogor salatu dute, jazarpen poliziala. Asteartean Cundinamarcako departamentuan hil zen nekazariarekin, bost dira jada grebako liskarretan hildako nekazariak.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak bitartean garrantzia kendu nahi izan die mobilizazioei eta adierazi du grebalariak beraiek ari direla negoziaketa oztopatzen, RTk argitaratu duenez. Gehitu du, gobernuak grebalarien indarkeriazko metodoei gogor erantzungo diela. Gogortasun horren adibide dira, azken egunotan polizia eta grebalarien arteko istiluak.
Egoera hobetzeko bidean, Santos presidenteak asteartean nekazariekin eseriko zela adierazi zuen, hauen eskaerak entzun eta eztabaidatzeko. Nekazarien esanetan, Kolonbiak AEBkin duen merkatu librerako hitzarmenak “izugarrizko kaltea” egiten dio Kolonbiako nekazaritza jarduerari, eta hau ez bada mugatzen edo arautzen, bertako milaka nekazarien etorkizuna jokoan dago beraien ustez. Horretaz gain, ongarrien eta erregaien prezio altuak kritikatu dituzte.
Oraingoz grebalariek errepide mozketak egiten jarraitzen dute. Santosek azaldu duenez “ez erasotzeko ituna” adostu du gobernuak grebalariekin, beraz negoziazioek aurrera jarraitzen badute, hainbat medioren arabera denbora kontua izango da errepideetako blokeoak kentzea.