argia.eus
INPRIMATU
5. graduko beste zikloi bat dabil Karibea astintzen: ‘Maria’
  • Irma urakanak utzitako zauriak sendatu ezinik dabiltzanean, Maria 5. graduko beste zikloi bat iritsi zaie Karibeko uharteei. Dominika bete-betean harrapatu ondoren, Guadalupe bazterretik Puerto Rico aldera doa, aurreikuspenen ustez Kuba bakean utzita.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko irailaren 19a
Herritar bat Dominikan 'Maria'k suntsitu dion etxeari begira. (Argazkia: news.com)

Bart Maria-k Dominika gainean kokatu da orduko 260 kilometroko haize bortitzekin, txikizio handiak eragin ditu eta Roosevelt Skerrit lehen ministroa sorospen zerbitzuek atera behar izan dute uholdeak harrapatutako bere etxetik, Facebook-en berak unean bertan azaldu duenez. Hondamendia ikaragarria da Dominikan, goizaldeko informazioen arabera. Frantziako Estatuaren lurralde den Guadalupe bazterragotik jo du baina hemen gogor, bertako herritarrek sare sozialetan erakutsi dutenez:

https://twitter.com/YRTJr/status/910037115181953024?ref_src=twsrc%5Etfw&ref_url=https%3A%2F%2Fwww.theguardian.com%2Fworld%2Flive%2F2017%2Fsep%2F19%2Fhurricane-maria-landfall-dominica-caribbean-category-five-storm-live

 

AEBetako urakanen zentruak ohartarazi du aurreikuspenen arabera Birjina uharteak eta Puerto Ricorantz doala Maria eta ez dela 4. gradutik jaitsiko. Puerto Ricok mende batean ezagutu duen ekaitzik bortitzena izanen da Maria eta Hector Pesquera larrialdietako arduradunak herriei ohar gordina zabaldu die: "Uholdeak harrapatuko dituen lekuetatik alde egin behar duzue, bestela hil egingo zarete. Ezin dizuet argiago esan".

Windy zerbitzuaren aurreikuspenen arabera, asteazkenean joko du Maria-k Puerto Rico, ostegunean Dominikar Errepublikaren ekialdea eta ostiralean Turkak eta Caicoak uharteen gainetik urrunduko da Antilla Nagusi eta Kubatik.

'Maria' ren ibilbidea honela aurreikusi du AEBetako gobernuak.