argia.eus
INPRIMATU
49 proposamen, Iruñeko erorien monumentuarekin zer egiteko erabakitzeko
  • 49 proposamen iritsi dira Iruñeko udalera erorien monumentuarekin zer egin erabakitzeko. Iruñeko udalak gogorarazi duenez, lehiaketa deialdian erabateko askatasuna ematen zitzaien parte hartzailei beraz, eraikina erabat aldatu, birmoldatu edo ta bertan behera uzteko proposamenak izanen dira aurkeztutakoen artean.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko urtarrilaren 16a

Urtarrila bukatu bitartean epaimahai batek 49 proposamen hauen artean 5-6 hautatuko ditu. Egileek ideiak garatu beharko dituzte ostean eta une berean herritarren parte hartzera zabalduko da prozesua, proiektuak osatze aldera. Lehiaketa legegintzaldiarekin batera bukatuko da, Erorien monumentuarekin zer egiteko proiektu bakarra hautatzen denean.

Proiektua aurrera eramatea edo ez, maiatzeko hauteskundeen ostean eratuko den udalak erabakiko du. Bitartean, proposamenak mundu guztitik iritsi dira, Britainia Handitik eta Alemaniatik kasu, lehiaketa nazioartera zabaltzeak izandako arrakastaren erakusle.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.