Gerardo Díaz Ferrán Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko (CEOE) presidente ohi eta Marsans bidaia-agentziako fundatzailea atxilotu zuten atzo, ondasunak ostentzeaz eta dirua zuritzeaz akusatuta. 2010eko udan Marsansek porrot egin eta 4.700 laguni eragiten zien 417 milioi euroko zorra utzi zuen. Orain, Espainiako fiskaltzak dio 50 milioi euro Suitzara desbideratu zituela Díaz Ferránek.
New Yorken bi etxebizitza, Mallorcan txaleta eta yate bat ezkutatzen dituela ere dio fiskaltzak. Atzo etxea miatu zioten eta 150.000 euro eta urre kilo bat aurkitu zituzten. Beste zortzi pertsona ere atxilotu dituzte, tartean Ángel de Cabo, Marsans oso merke erosi zuen enpresari valentziarra. Bere idazkari Susana Moraren etxean, milioi bat euro aurkitu ditu poliziak.
Beste hainbat auzi irekita ditu Díaz Ferránek. 2010ean, Marsansen zorrari ezin ziola aurre egin adierazi zuen, baina esandakoa baino diru gehiago duela uste du fiskaltzak. Marsans enpresaren kontuen berri apenas zuela eta gestio txarra kide zuen Gonzalo Pascualen errua zela azaldu zuen Díaz Ferránek. Pascual duela bost hilabete hil zen.