argia.eus
INPRIMATU
49 kontzertu izango dira Ahotsenean Durangoko Azokaren 58. edizioan
  • Kontzertuak eskainiko dituzten 49 taldeetatik, hamazazpik estreinako diskoa aurkezteko aukera izango dute azokan.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 17a
Kontzertu bat Ahotsenean. // Argazkia: Durangoko Azoka

Euskal kulturaren urteroko ezinbesteko hitzordua izango dugu abenduaren 6tik 10era. Durangoko azokaren 58. edizioa ospatuko da Fantasia DA! lelopean. Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkezpen prentsaurrekoan aurreratu zuenez, aurtengoan ez dira “fantasia” eta “denetariko eskaintzak” faltako.

Azoka sortzaileen lanak kulturazaleekin partekatzeko "topagune" gisa definitu dute antolatzaileek. Aurten ere, musika eskaintza zabala izango dute, eskarmentu handiko taldeak zein talde berriak uztartuta.

Hamazazpi taldek lehen diskoa aurkezteko aukera izango dute: Akaleia, Eider, Eire, Etxepe, Haira, Haize-arrosa, Ithaka, Kadira, Karma, Ke Lepo, Lilo, Mamu, Muare, Nakar, TRB, Txopet eta Zatibi.

Gainerako 32 taldeek askotariko estiloak jorratuko dituzte. Esaterako, Leihotikan taldea berrikuntzekin dator Gorka Urbizuren ekoizpen eta kolaborazioarekin, eta Nøgen talde ezagunak ere disko berria kaleratuko du, besteak beste.

Bertaratzen direnek Amorante, Arima, Braulio, EKG, Esanezin, Ezezez, Feline, Ibil Bedi, Intza, Jabi Patxon eta Kofradia Rock, Kemaronte, Konpost, Kuma No Motor, Leihotikan, Lotura, Marlik, Miren eta Roberto Etxebarria, Modus Operandi, Moxal, Murgi, Muzak, Nøgen, Otoi, Postal Kolekzionistak, Rukula, Sara Zozaya, Silitia, Toc, Yogurinha Borova, Xabi San Sebastian, Zeker eta Zukanen kontzertuak zuzenean ikusteko aukera izango dute.

Hala ere, joaterik ez dutenek aukera izango dute kontzertuez streaming bidez gozatzeko, Durangoko Azokaren webgunean ikusgai. Doakoa izango da kontzertu guztietarako sarrera.