argia.eus
INPRIMATU
48,8 gradura heldu dira Italian, Europan inoiz erregistratu den tenperaturarik altuena
  • Siziliako Sirakusa hiritik gertu egin dute neurketa asteazken honetan. Bero boladaren ondorioz, 500 sute baino gehiago piztu dira Italian, eta ostiraletik, hamabost hiri jarri dituzte alerta gorrian.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 13a
Gizon bat freskatzen Messinan, Sizilian

Europan inoiz erregistratutako tenperaturarik altuena neurtu dute Italian. Siziliako hego-ekialdean dagoen Sirakusa hiritik gertu, 48,8 gradura heldu dira asteazkenean. Munduko Meteorologia Agentziak berretsi behar badu ere, datuok egun arte kontinentean neurtu den tenperaturarik beroena erakusten dute, 1977.urtean, Grezian, merkurioa 48 gradura heldu zenetik.

Afrikatik datorren Luzifer antizikloiak ekarri du bero bolada. Italiako hegoaldean —Sizilian, Calabrian, Puglian eta Sardinia irlan, bereziki— izan du eraginik handiena: 40 eta 45 gradu arteko tenperaturak izan dituzte, eta gora egin dezakete oraindik. Antizikloiak iparralderantz joko du datozen egunotan, eta kontinentean zortzi eta hamabost gradu arteko igoerak aurreikusi dira.

Tenperaturek hainbat sute eragin dituzte herrialdean eta lau hildako utzi dituzte. Italiako suhiltzaileek kaleratutako komunikatu batean adierazi dutenez, asteazkenetik ostegunerako gauean soilik 500 sute baino gehiago piztu dira: "528 esku-hartze egin ditugu azken 12 orduetan, horietatik 230 Sizilian. Orain, egoera kontrolpean dago bertan”, bildu du DW hedabideak.

Alarma egoera

Ostegunetik, Italian hamar hiri daude alarma gorrian. Horien artean, Palermo, Siziliako hiriburua. Duela hiru egun, lau herri baino ez zeuden goreneko alerta egoeran; ostiral honetan, Osasun Sailak beste bost hiri gehituko ditu, Florentzia kasu.

Klima larrialdia

Italiakoa bezalako bero boladak eta bestelako muturreko fenomenoak (lehorteak, uholdeak, uriolak….) gero eta maiztasun gehiagoz gertatuko direla iragarri du IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak. Astelehen honetan kaleratu duen txostenean nabarmendu dute Europan tenperatura aldaketek izan dezaketen eragina: Grezian eta Alemanian asteotan egon diren suteak horren adibidetzat dituzte.

Gainera, Europan tenperaturen igoera abiadura handiagoan gertatzen ari da, munduko beste herrialdeekin alderatuta. Joerak jarraituz gero, Europa iparraldean prezipitazioak hazi egingo dira neguan; Mediterraneoan eta goiko lurretan, udan gutxitu egingo da euri kopurua, baina bat-bateko uriola gehiago egongo dira.