argia.eus
INPRIMATU
48 euskal presoren iragarritako hurbilketa oraindik ez dela egin salatu dute
  • 48 euskal preso Euskal Herriko edo inguruko espetxeetara ekarriko dituztela iragarria du Espainiako Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak, batzuen kasuan duela lau hilabetetik, baina zain jarraitzen dutela salatu du Etxeratek eta mahai gainean jarri du “senideek eta presoek pairatzen duten ziurgabetasuna eta frustrazioa”. Lekualdatze erritmoa handitzeko eskatu du elkarteak.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 09a

“48 familiaz ari gara”, dio Etxeratek. “Iragartzea baino garrantzitsuagoa da lekualdaketak eta hurbilketak errealitate bihurtzea”, eta astero egiten den lekualdatze erritmoa handitzeko unea dela adierazi du, “lehenbailehen espetxe-mapa berria errealitate bihurtzeko”.

Inkomunikatuta

Etxeratek salatu duenez, “pandemiaren aurrean, joan den urteko komunikazio-etenduren ondorietaz oraindik errekuperatu ez ginenean, eta presoak oraindik Euskal Herrira hurbildu gabe eta gaixo larriak eta adinez nagusien egoerari konponbiderik eman gabe, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak duela hilabete eta erdi erabat itxiarazi zituen espetxeak, eta egoera horretan aste luzez egon ginen; bisitarik gabe, baita kristalaren bitartez egiten diren bisitarik gabe ere”.

Presoei ezartzen zaizkien osasun-neurriak eraginkorragoak izan behar direla uste du Etxeratek, “besteak beste, premiazko txertaketa-plan bat, baina, pandemiaz harago, lekualdatzeak bertan behera uzteko argudio nagusia izan delarik, lekualdatze-plana lehenbailehen bukatzea eskatzen dugu”.