Asteartean, 02:30 inguruan gertatu da istripua. Mantenimendu lanetan zebilela, 47 urteko barakaldoztar batek lan istripua izan du eta besoa galdu du Abadiñoko Garbi Fundizioan. Galdakaoko ospitalera eraman dute.
Ez da lantoki horretan horrelako zerbait gertatzen den lehenbiziko aldia. 2017ko abenduan beste langile batek ere besoa galdu zuen Abadiñoko fundizio bereko lan istripu batean. Kasu hartan, 31 urteko pertsona batek galdu zuen besoa.
Abenduko istripu horren ondoren LAB sindikatuak salatu zuen fundizioan lan eta segurtasun baldintza "guztiz prekarioak" daudela. Aurretiaz segurtasun baldintzak hobetzea exijitzen ibili direla ohartarazi zuen, eta istripuaren ostean enpresaren aurka egin zuen. "Euren betebeharra egingo balute, ziurrenik gaur ez genuke lankide bat larriki zauritua eta mutilatua izango", esan zuten.
Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.