argia.eus
INPRIMATU
460 familia etxegabetzeko arriskuan funts putreengatik Euskal Herrian
  • Donostian Azora enpresa espainiarrak 300 etxebizitza erosi ditu, eta bertakoen kontratuak berrituko ez dituela jakinarazi die bizilagunei. Bestalde, Iruñean alokairu sozialeko 160 etxebizitza erosi ditu Testa Residencial enpresak.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 13a
Stop Kaleratzeak. Artxiboko irudia.

Donostiako Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi du Donostiako etxebizitzak erosi dituen funts berak Madrilen ere 3.000 etxebizitza sozial erosi eta alokairuaren prezioa % 150 igo zuela. Gauza bera egin zuen Bartzelonan ere, prezioa % 70 igoz. Hurrengo hiria Donostia dela argi dute, putre funtsen helburu bilakatu dela salatu baitute, Berriak jaso duenez.

Bizilagunak arduratuta azaldu dira, izan ere 300 etxebizitza horietatik gehienek 600 eta 900 euro arteko alokairua dute, baina badaude 1.600era heltzen direnak ere, eta prezio igoerarik egonez gero horiek ordaintzeko aukerarik izango ez dutela azaldu dute.

Honen aurrean, Donostiako Stop Kaleratzeak plataformak manifestazioa deitu du larunbaterako, otsailak 15a, eguerdiko 12:00etan Ijentea kaletik.

Bere aldetik, Testa Residencial enpresak alokairu sozialeko 160 etxebizitza erosi ditu Iruñean, EH Bilduk Hirigintza Batzordean jakinarazi duenez. Endika Alonso EH Bilduko zinegotziak azaldu duenaren arabera, alokairu sozial izaera amaitu zaien momentuan funts putreak erosi eta alokairuaren prezioa igo du.

Etxebizitza hauetan bizi diren familietatik asko bazterketa arriskuan daudela eta prezio igoera honek kalean utz ditzakela salatu du zinegotziak.  Bestalde, aurreko legealdian Iruñea etxegabetzerik gabeko hiri izendatu zutela gogorarazi dio Udal Gobernuari, Euskalerria Irratiak nabarmendu duenez.