argia.eus
INPRIMATU
46 kazetari erail dituzte aurten, eta 488 daude preso
  • 2021ean munduan erail dituzten 46 kazetarien artean Roberto Fraile barakaldarra eta David Beriain artaxoarra daude. Apirilean hil zituzten Burkina Fason.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 16a
David Beriain eta Roberto Fraile kazetariak.

2003tik 2021era arterako kopururik baxuena da aurtengoa, Mugarik Gabeko Kazateriak (RSF) elkarteak urteko txostenean jaso duenez. Hilketei dagokienez, Mexiko (7),  Afganistan (6), India (4) eta Yemen (4) ageri dira zerrendaren goialdean. Kopurua azken urteotako baxuena da Siria, Irak edota Yemen bezalako herrialdeetako gatazken "intentsitatea" nabarmen jaitsi delako, elkartearen arabera.

Bestalde, 488 kazetari daude preso (iaz baino %20 gehiago), eta 65 bahiturik. Espetxeratuen kopurua igo da batez ere Birmania, Bielorrusia eta Txinan bizi duten egoeragatik. RSFk nabarmendu duenez, 1995ean kontaketa egiten hasi zenetik, sekula ez dira aurten bezainbeste emakume kazetari espetxeratu, 60 orotara (iaz baino %33 gehiago), gehienak (19) Txinan.