argia.eus
INPRIMATU
45.000 lagunek Espainiako Gobernuari eskatu diote umeak etxetik ateratzen utz ditzan
  • Espainiako presidenteari eta Osasun ministroari eskutitza bidali diote Osasun Mundu Erakundeak eskatzen duena bermatu dezaten: umeek gutxienez egunean ordubete etxetik ateratzea. 45.000 lagunek eta haurtzaroko 300 bat profesionalek sinatu dute eskaera, tartean Hego Euskal Herriko batzuek. Sinadurak jasotzen jarraitzen dute.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 10
Argazkia: Monika Pot (Unsplash)

Heike Freire pedagogoak abiatutako ekimenaren barruan sinadurak biltzen aritu dira azken hilabetean. Haren lehen emaitza da asteazkenean Espainiako presidente Pedro Sánchez eta Osasun ministro Salvador Illari zuzendutako gutuna. Arrazoi nagusia da haurren eta nerabeen eskubide eta beharren aurrean gobernua “erakusten ari den erabateko ikusezintasuna” haustea, eta inguruko beste herrialde askok erakutsitako jarrera hartzea.

Haurrak eta nerabeak ere, helduen maila berean, herritarrak dira. Eta horregatik, diote Espainiako Gobernuak ezin duela ez-ikusiarena egin, eta hartzen dituen erabakietan eta politiketan haurrak kontuan ez izatea.

Ia hilabetez jasaten ari diren konfinamendu zorrotzak haurrei ez dietela aukerarik ematen bizi-premiak, beharrizan fisikoak, psiko-emozionalak, sozialak, moralak eta hezkuntzakoak asetzeko, eta horrek arriskuan jar ditzakeela haien ongizatea, osasuna eta garapen fisiko eta psikikoa, diote gutunean.

Horregatik orain arte eskaera sinatu duten 45.000 lagunek eta 300 bat profesionalek ondokoa eskatu diote Espainiako Gobernuari:

  • Alarma-egoerarekin zerikusia duten legeetan onar ditzatela haurrak eta nerabeak subjektu eta herritar gisa.
  • Haurren eskubide eta beharrak aitortzea, bereziki, aire zabalean egotea, eta arrisku- eta kalteberatasun-kasuetan, neurri zehatzak hartzea.
  • Inguruko herrialdeek ezarritako antzeko neurriak har ditzatela, ahalik eta lasterren, hala nahi duten familiak beren seme-alabekin aire zabalera atera daitezen, gutxienez egunean ordubete, OMEk gomendatzen duen moduan, era ordenatuan eta osasun publikoa arriskuan jarri gabe.

Lehentasuna umeek izango dutela adierazi du Osasun ministroak

Osasun ministro Salvador Illak konfinamendu neurrien trantsizio faseaz hitz egiteko errezeloak izan arren, osasun publikoko lan taldearentzat haurren kolektiboa lehentasunezkoa dela aipatu zuen. Lau asteko konfinamendu batek euren osasunean eragin kaltegarriak dituela jakitun direla aditzera eman zuen illak.