argia.eus
INPRIMATU
45 Mercadona irekiko dituzte Euskal Herrian
  • Irun kanpoaldean 1.500 metro koadroko saltokia (ia 5.000 metro koadroko eraikina) ezartzea onartu berri du hiriko udalbatzak, EAJ, PSOE eta PPren aldeko eta Bilduren kontrako botoekin. Merkataritza, ekonomia eta hiri eredu jakin bati erantzuten dion Mercadona kateak 2016an irekiko du supermerkatu erraldoia.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko urtarrilaren 12a
Hiriko merkatariak lagundu eta herrigunea bizirik mantendu ordez, multinazionalaren kontsumo eredua hobesten ari dira hainbat udal.

Ez da bakarra izango. Gasteizen dagoeneko hiru Mercadona daude eta aurten beste bat irekiko dute. Bizkaian lau ezarri nahi dituzte eta Nafarroan dagoeneko sei dituzte martxan. Guztira, 45 Mercadona aurreikusi dituzte Euskal Herrian, datozen urteetarako.

Kontrako ahotsak ugariak dira, baita Irungo kasuan ere. 40 bat lanpostu sortuko direla defendatu dute politikariek, baina hainbat azterketen arabera, halako multinazionalek sortzen duten lanpostu bakoitzeko 1,5 lanpostu galtzen dira inguruko denda eta komertzioetan.

Hain merke eskaintzen diren produktuak lehia itogarria dira bertakoentzat. Hiriko merkatariak lagundu eta bultzatu beharrean, herrigunea bizirik mantendu ordez, multinazional baten mesedetan kontsumo ohiturak hiritik aldentzea eta agortuta dagoen eredua sustatzea leporatu die Bilduk gainerako alderdiei.

Kanpoko produktuak, miseria baten truke

Prezio baxuak mantentzeko, beretzat lan egiten duten hornitzaile finkoak (100 bat) biziki estutzen ditu Mercadonak, marjinak ahal bezainbeste txikituz. Produktuak ekoizpen kostutik behera erostea ere egotzi izan diote nekazari eta ekoizleek. Lehengaiek, gainera, kilometro ugari egiten dituzte saltokira iritsi aurretik, Portugalgo eta Magrebeko olioa, Argentinako laranjak, Afrikako eta Hego Amerikako arraina edo Panamako kalabazak saltzen baitituzte, besteak beste.

Lan baldintza "malguak" (malguak enpresariaren ikuspegitik), produktibitatera lotutako soldatak eta langileen gaineko kontrol zorrotza nagusi dira kate espainiarrean. Kaleratze desegokiengatik, sindikatuen kontrako politikagatik, langileenganako presio handiegiagatik, baja hartzeko zailtasunengatik edo jazarpenagatik salaketak izan ditu Mercadonak, eta Katalunian inoiz izan den greba mugagabe luzeena enpresa honi zor zaio.

Espainiako Estatuko banaketa kate handiena izatea lortu du Mercadonak (1.356 denda ditu), ekoizleak estutuz, inguruko merkatari txikiak lehiatzeko aukerarik gabe utziz, kanpotik inportaturiko produktuak merke salerosiz. Hori du formula magikoa, Espainiako Lan Erreforma are zorrotzagoa izan behar zuela defendatu duen, ustelkeria kasuetan inplikatuta dagoen eta langileen absentismoa kosta ahala kosta desagerraraztea helburu duen Juan Roig Alfonso Mercadonako presidenteak.

Eta Baionan, 24.000 metro koadroko Ikea

Euskal Herriak izango duen bigarren Ikeak abuztuan zabalduko ditu ateak, Baionan. 24.146 metro koadro izango ditu, kasik 33.000 metro koadroko merkataritza gune erraldoiaren barruan integratua.

Altzarien multinazional ezagunak hornitzaileak esplotatuz eta etikoki eta legalki ez oso garbi jokatuz egin du bidea, Kontsumo merkea garesti ordaintzen da erreportajean kontatu genuenez.

Informazio gehiago:

- Mercadonaren herri ereduaren aurka, manifestazioa Barañainen (2014-06-18).

- Donostia low cost (2014-05-12).