argia.eus
INPRIMATU
45 kantari eta musikari frantsesek grabatu dute “Xamurtasuna - Konfinamenduaren sinfonia”
  • Valentin Vander kantari frantseak 45 musikari eta kantari bildu ditu, nork bere konfinamendutik abestuz edo joz denen artean interpretatzeko Bourvil kantari eta aktore frantseak 1963an ezagutarazitako "La tendresse" (xamurtasuna, ternezia) abestia. Kantari edo/eta musikariotako bakoitzak –tartean bada dantzariren bat ere– nork bere txokoan antolatuta daukan tresneriarekin egin ditu grabazioak gero Vanderrek eta bere beste zenbait lagun teknikarik haiek ere nork bere isolamenduan muntatzeko. Denek ere hutsaren truke, prefosta.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 01a

Sare sozialetan birala bihurtzeko meritu guztiak dituen "Symphonie confinée - La tendresse" kantaren grabaketa honela esplikatu du Valentin Vanderrek berak:

"Nire deiari erantzun dioten kantari eta musikariei bidali diet kantaren grabazio bat nire gitarra eta ahotsez egina. Eskatu diet bakoitzak etxean kanta osorik grabatu eta filmatzea norberak sartuz bere ahots edo instrumentu partea, saiatuz ahalik eta soinu eta irudi garbienak harrapatzen. Ez diet iradokizun artistiko gehiago egin, konfidantza egin dut nire lagunen sormenari. Eta ordainetan aurkitu naiz kanta osoaren 45 bertsiorekin, osatuak nire gitarra eta ahotsez gehi denen zatiekin.

Hortik aurrerakoa izan da halako puzzle lan handi bat, hasteko dena sinkronizazio mailan egokitzeko, nire iritzian denen zatietatik onenak, kontutan edukiz piezaren azken itxura, zuzentasuna eta musikaz bezala bideoz sortu nahi nuen narrazioa.  Audioaren muntatze eta nahasketa Audacity-n egin dut (ez da onena baina eskueran dauzkagun bitartekoekin egin behar izan da!) eta bideoa nire arreba Julia Vanderrek egin du Première Pro-n, berea ere izan baita azken emaitzaren ardura. Plazer galanta izan da horrelako ekimena abiaraztea eta bide beretik jo nahi duten besteei gomendatzen diet zalantzarik gabe ekiteko :)".