argia.eus
INPRIMATU
45 euskal herritarren tortura kasuak frogatutzat jo dituzte
  • Osasun arloko hogeita hamar aditu inguruk eta giza eskubideen aldeko elkarteek txostena aurkeztu dute Madrilen, 45 euskal herritarren tortura salaketak oinarri hartuta. Espainiako Estatuan eta zehazki Euskal Herrian torturaren existentzia egiazkotzat jo dute. Istanbulgo Protokoloaren arabera egin dute ikerketa

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 19a
"Inkomunikazioa eta tortura, Istanbulgo Protokoloan oinarritutako analisi egituratua" txostenaren aurkezpena ostegunean Madrilen. Arg.:periodismodigno.org)

Inkomunikazioa eta tortura, Istanbulgo Protokoloan oinarritutako analisi egituratua izena jarri diote hainbat mediku, psikologo eta psikiatrek egin duten txostenari. 45 euskal herritarrek inkomunikazio aldian egindako tortura salaketak aztertu dituzte, eta ondorioztatu guztiak “sinesgarriak eta egiazko kontakizunak” direla.

Istanbulgo Protokoloa tratu txarrak eta tortura ikertu eta dokumentatzeko gidalerro mediko eta psikologikoen multzoa da. Horretan oinarrituta osatu dute txostena, testigantzetan esanak, emozionalki azaltzeko moduak, medikuen informeak eta diagnostiko klinikoak bat egiten dutela frogatuta.

Ikerketak helburu bikoitza izan du: Istanbulgo Protokoloaren emaitzak frogatzat balio dezaketela erakustea eta tortura salaketak ETAren aginduz egin direla eta benetakoak ez direla gezurtatzea.

Instituzioei erantzukizun eske

Gertatutakoa aitortzeko eta torturaren aurka jarrera irmoz borrokatzeko eskatu diete instituzioei txostenaren egileek. Halaber, biktimen erreparazioaz arduratu eta Euskal Herrian gertatutakoaz hitz egitea ahalbideratuko duten espazio sozialak eraiki behar direla adierazi dute.

Madrileko La Paz ospitaleko psikiatra Pau Perezek azaldu du egindako dokumentazio-lana legez balizkoa dela eta biktimek torturengatik kausa judiziala berriz irekin nahiko balute erabilia izan daitekeela.