argia.eus
INPRIMATU
44 urteko Iruñeko langile bat hil da elektrokutatua Aranaratxen
  • Langileak deskarga elektrikoa jaso du herrian berritzen ari diren goi-tentsioko linean lanean ari zela. Helikoptero medikalizatu batean eraman dute Nafarroako Ospitale Gunera, baina bertan hil da ordu batzuk geroago. 

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 25a
Argazkia: Aranatxeko Udala.

44 urteko Iruñeko langile bat, A.M.L, hil da astearte arratsaldean Aranaratxen, Lizarrako merindadean, lanean ari zela elektrokutatuta. Nafarroako Larrialdi zerbitzuek jasotako abisuaren arabera, goi-tentsioko linea elektrikoan lanean ari zela deskarga elektriko bat jaso du. 

Helikoptero medikalizatu bat eta mediku talde bat bertaratu dira, eta hasieran gizona bihotz-biriketako geldialditik atera ahal izan duten arren, ordu batzuk geroago ospitalean hil da. Langilearen gorpua Nafarroako Auzitegiko Medikuntzako Institutura eraman dute autopsia egiteko.

Gertakaria azaroaren 24ko 15:30 aldera jazo da, behargina Noi Montajes Electricos enpresarentzat lanean ari zela. Herrian azaldu dutenez, egunotan goi-tentsioko linea aldatzen ari dira, eta dorre berriak jarri dituzte herriko finken inguruan, hirigunearen hegoaldean.