Espainiako Sismografia Institutuaren arabera, 7:43an gertatu da. Richter eskalan 4,4 gradukoa izan da eta kilometro bateko sakonerakoa. 4-5 segundo iraun du.
Orikainen atzeman du epizentroa Sismografia Institutuak, Iruñetik zazpi kilometrora. Sakonera eskasekoa izan da, horregatik Iruñerri osoko herritarrek sentitu dute.
Dardarak herritarrak izutu ditu eta asko etxetik atera dira. Larrialdi zerbitzuek esan dute dei asko jaso dituztela. Antonio Aretxabala sismologoak, ordea, lasai egoteko deia egin eta kalera ateratzeko gomendioa eman du, balizko erreplikengatik.
"Nola mugitu den dena"
ARGIAko kazetari Xabier Letona Iruñean bizi da eta berak kontatu du nola bizi izan duten etxean. "Etxean ohea mugitu da eta zarata nabarmen entzun da. Oraindik ohean ziren biak instantean altxatu eta sukaldean ziren biengana joan dira: 'Lurrikara bat da!'. 'Nola mugitu den dena' batek, 'gelako armairua mugitzen zen' besteak, 'nik bi kolpe sentitu ditut oso jarraian' hirugarrenak".
Lagun arteko sare sozialetako mezuak ere martxan jarri dira berehala. Horren sekuentziak eman dezake sentitutakoaren tamaina. Lehen mezua 7:45ekoa izan da: "Lurrikaraaaa!!!!". "Zer fuerte... zer burrunba!". "Galanta!". "Nola mugitu den gure etxea!". "Uharten bi dar-dar handi". "NUPeko kafetegian jendea izututa, eta dena dardarka". "Hori sustoa!".
Erreplika Egues-en
Iruñeko ipar-ekialdean dagoen Egues herrian sumatu da lurrikara honen lehen erreplika, goizeko 9:27 minutuan eta 2,2 graduko indarrarekin. Iruñeko geologo Antonio Aretxabala ari da da lurrikararen jarraipen zehatza egiten Twitterreko bere kontuan.
El @IGN_Sismologia sube la Intensidad a IV-V, ha sido muy superficial. https://t.co/fK8Kikkvov pic.twitter.com/KveX9I1b0n
— Antonio Aretxabala (@A_Aretxabala) 2017(e)ko martxoak 10
Lurrikararen irudiak
Nafarroako Gobernuak zabaldu ditu lurrikararen irudi batzuk, erakusten dutenak nola eragin duten errepideetan.
Bitxikerietarako ere eman du gertakariak: 1999an jaso zuen ARGIA Saria astinduaren ondorioz puskatu zaiola kontatu du Alberto Barandiaran kazetari eta Hekimen euskal hedabideen elkarteko zuzendariak.