argia.eus
INPRIMATU
43,5 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak gizarte larrialdietako laguntzetara
  • Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak agerraldia egin du. Gizarte politikan eta lan esparruan onartu dituzten neurriez, Aste Santuko jai egunetan areagotuko dituzten kontrolez eta eskuartean duten Normaltasunera Itzultzeko Planaz aritu da.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 07a

Covid-19ari aurre egiteko aurreikusita duten 1.025 milioi euroko funtsaren barruan, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara 16 milioi euro gehiago bideratzea erabaki dute. Hala, guztira 43,5 milioi euro izango dira, “familia askori beren bizi-baldintzak hobetzeko aukera” emango dietenak, Urkulluren hitzetan. Bazterkeria eta pobrezia egoerei aurre egiteko 10 milioi euroko funtsa ere iragarri du.

Bestalde, 76 milioi eurorekin beste hiru laguntza programa sustatuko dituztela adierazi du lehendakariak: autonomoentzako laguntzak Lanbideren bidez, gazte bermearen sistema, eta kontziliaziorako laguntzak.

Aste Santuan, etxean

Jai egun hauetan etxean geratzeko deia egin du: “Egindako lan guztiari eutsi egin behar diogu. Bide onean goaz”. Segurtasun Sailak bigarren egoitzetara mugitzea saihesteko dispositibo bat antolatuko du.

Isolamendua luzatzearen alde agertu da lehendakaria. Hori bai, “zenbait jarduera egitea ahalbidetzeko” malguago jokatu ahal izatea eskatu dio Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteari.

Azkenik, Normaltasunerako Itzultzeko Plana lantzen ari direla azaldu du, pixkanaka gauzatzen joan beharko dena. “Fase honetan, funtsezkoa da erakundeen arteko lankidetzari eustea, bai estatu mailan Gobernu Zentralarekin, bai maila autonomikoan foru-aldundiekin eta udalekin”