Iaz baino ehun ikasle gehiagorekin egin du sartzea Seaska federazioak. Ondoko hilabeteetan sartuko diren bi urteko ikasleekin 4.300 ikasleren heina gaindituko du. Lehen mailan emendatzea 33 ikaslekoa da, baina azpimarragarriena Etxepare lizeoan da. 536 gazte sartu dira aste honetan Baionako lizeoan. Bertan handitze lanak egin beharko dituzte, eta jadanik prefabrikatuak gehitu dituzte. Bigarren lizeo bati buruz gogoetatzen ari dira. Bestalde, EEP Euskararen Erakunde Publikoa, Hezkuntza Ministerioa eta Seaskaren arteko akordioa 2022ko agorrilean bururatu zen. "Euskarak helburu berrien araberako politika publikoak behar" dituela salatu du Seaskak.