Irailaren 9tik, Marinela gunean jarraitzen duen egun bakoitzeko 100 euro ordaintzera kondenatuta dago Ziburuko ikastola. Uxerrak oraindik haurrek han jarraitzen dutela ziurtatu du, eta 4.300 euro eskatu dizkio ikastolari.
Paxkal Indo Seaskako lehendakariak adierazi duenez, isun ekonomiko hori ordaintzeko prest daude, “kondenaren baldintzak argitu eta gero”.
"Guk pentsatzen genuen, isuna pagatuz gero tokian egoteko eskubidea izanen genuela, eta ez isuna ordaindu eta gainera tokia utzi beharra".
Horregatik, ikastolaren abokatuak gutun baten bidez kondenaren baldintzak argitzea eskatuko du. “Horren ostean isuna pagatuko dugu, Euskal Herriak emandako sostengua horrentzat izanen delako”, azaldu du Indok.
Kaskarotenearen proposamenei ezetza
Kazeta.eus-ek jaso duenez, Seaskak eta Ziburuko ikastolak hiru proposamen egin zizkioten Herriko Etxeari irailaren 12an.
Proposamenetako bat, egokiena iruditzen zitzaiena, ikastola Zokoan, Kontseilu Orokorraren eremu batean kokatzea zen. Guy Poulu Ziburuko auzapezak, ordea, ez zuen bakar bat ere aintzat hartu.
Auzapezak Kaskarotenea ikastola Oletako bidean den eraikuntza batean, Xuritun, kokatzea proposatu zien gurasoei. "Eraikinak eta eremuak ez ditu umeentzako baldintza egokiak betetzen", azaldu du Laida Mugikak, Kaskarotenea ikastolako presidenteak.
Autopistatik gertu egoteaz gain, zentrotik urrun dagoela argudiatu du. "Ez dugu egin bide luze hau Xuritun bukatzeko”, aldarrikatu du Mugikak.
Manifestazioa, azaroaren 8an
Kaskarotenearen aldeko manifestazioa deitu dute gurasoek eta Seaskako bozeramaleek azaroaren 8rako, “Ikastolak ez hunki” lemapean.