AEBetako historian isolamenduan preso denbora luzeen eduki zuten Albert Woodfox hil da 75 urterekin, COVID-19arekin loturiko konplikazioengatik. Pantera Beltz ohia aske utzi zuten duela sei urte (ARGIAn horrela jaso genuen), 43 urteko espetxealditik bizirik atera ostean. Kalean zela, bere memoriak idatzi zituen: “Solitary: Unbroken by Four Decades in Solitary Confinement. My Story of Transformation and Hope”. Democracy Now hedabideak eman du bere heriotzaren berri eta bertatik hartu dugu jarraian irakurgai den informazioa.
Bere liburuan bere bizitza kontatzen du, eta besteren artean, bere familian bizirauteko nolako zailtasunak zituzten, eta gaztaroan espetxean sartu eta atera ibili zela. Pantera Beltzen Alderdiko kideak ezagutu zituenean politizatu zen.
AEBetako segurtasun goreneko presondegirik handiena den Loisianako espetxera –Angola gisa ezaguna– joan zen Pantera Beltzen erakundea antolatzen laguntzera han, zeuzkaten bizi-baldintza negargarriak salatzera. Bertan, gaur egun 6.300 preso eta 1.800 espetxe-funtzionario daude.
1972an, han izan eta gutxira, berari eta preso-kide Herman Wallace-i egotzi zioten Brent Miller kartzelazaina hiltzea. Bi gizon hauek beti mantendu zuten errugabe zirela, esanez beren jarduera politikoagatik jo-muga bilakatu zituztela. Woodfox, Wallace eta hirugarren gizon bat, Robert King, AEBetan ezagun egin ziren "the Angola 3" edo Angolako hiruak bezala.
Hamarkadetan zehar, Amnesty Internationalek eta beste talde ugarik beren askatasuna galdegin dute. Robert King 2001ean askatu zuten, bere zigorra baliorik gabe utzi zutenean. Herman Wallace 2013an askatu zuten, epaile batek mehatxu egin ostean Angola espetxeko zuzendariari, esanez, ez bazuen egun hartan bertan askatzen, bera espetxeratuko zuela. Wallace hurrengo egunean hil zen, kalean, giltzurruneko minbiziarekin.
Baina Louisianako espetxe agintaritzak uko egin zion Albert Woodfox askatzeari, 2016ko otsailaren 19a arte, 69 urte bete zituen eguna.