argia.eus
INPRIMATU
Zazpi eguneko greba itxiera mehatxuaren aurrean
43 langile eta aniztasun funtzionala duten 73 erabiltzaile kalera bidaltzeko arriskuan Orozkoko Madre Mercedarias erresidentzian
  • Madre Mercedarias Kongregazioak zerbitzua utziko du eta inork ez badu erosten, lantokia itxiko dute. Langileek Bizkaiko Aldundia jo dute gatazkaren erantzule zuzentzat, LAB eta ESK sindikatuen babesarekin.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 03a
Langileek agerraldia egin dute LABen egoitzan (Argazkia: LAB)

116 emakume kalean geratzeko arriskuan daude Orozkoko Ibarra auzoko (Bizkaia) Madres Mercerias egoitzan: 43 langile eta aniztasun funtzionala duten 73 erabiltzaile. Langileek agerraldia egin dute asteazkenean Bilboko LABen egoitzan, egoera salatzeko. 

Madre Mercedarias Kongregazioak jakinarazi berri diete zerbitzua utzi eta lantokia itxiko dutela, inork erosten ez badu. Egoera kudeatzeko, EDE fundazioa kontratatu dute, eta honen jarduna salatu dute LABeko eta ESK antolakundeko ordezkariek: "EDEk langileok edozein negoziaziotatik aldendu gaitu eta jakinarazi digu hobe dela zaratarik ez ateratzea".

Salatu dute Bizkaiko Aldundia dela gatazkaren "erantzule zuzena" bera delako zerbitzu publiko honen titularra, eta "beste aldera" begiratu duela iritzi dute. Sergio Murillo arduradun gorenarekin bilera eskatu dute langileek, "bere erantzukizunak bere gain hartzeko eta egoera honi irtenbidea emateko". "Egoera oso larria da, ez bakarrik guretzat, baita zaintzen ditugun emakumeentzat ere. Emakume horientzat egoitza-zentro hori beren etxea da". Azaldu dute litekeena dela zentroko erabiltzaileak itxaron-zerrendan sartzea, mota horretako zentroak beteta daudelako jadanik.

2019an soldatak izoztu eta urteko lanaldia luzatu zieten kongregazioko langileei, Fundacion Aliados putre funtsaren bidez. Egoerari aurre egiteko, eskubideak defendatzeko borrokan hasi ziren, eta 21 greba egun eta hainbat mobilizazio egin dituzte ordutik.

Kaleratze arriskuaren aurrean, 7 greba egun deitu dituzte, otsailaren 6tik 12ra. Enpleguak mantentzea, erosteko ahalmena berreskuratzea eta urteko lanaldia murriztea dira eskatzen dutena, eta iragarri dute egun horiek "ez direla azkenak izango eskubideak errespetatzen ez badira". Hainbat mobilizazio egingo dituzte:elkarretaratzeak egunero Ibarrako lantokian 14:30ean, eta otsailaren 8an manifestazioa Bilboko EDE Fundazioaren egoitzatik, 10:00etan.