argia.eus
INPRIMATU
43 irratsaio propio ekoiztuko ditu Hala Bedik ikasturte honetan
  • Larunbatean aurkeztu zuen Hala Bedik, Arabako Komunikabide Libreak, 2020-2021 ikasturterako programazio berria. Ohiko magazinetaz gain, 43 irratsaio propio eskainiko ditu Hala Bedik, internet bidez eta 107.4 FM eta 107.7 FM kanaletan.

Hala Bedi @halabedi 2020ko urriaren 23a
Hala Bediren irratsaio berezia Hala Bedi Tabernatik zuzenean. Argazkia: Hala Bedi

Hala Bedik, Arabako Komunikabide Libreak, larunbatean aurkeztu zuen ikasturte berrirako programazioa Aiztogile kaleko Hala Bedi Tabernan. Eguerdiko 11etan hasita, ikasturteko nobedadeak ezagutzeko gonbidatuz betetako zuzeneko irratsaioa egin zen tabernatik bertatik. Eta gauean, Jimmy Jazz aretoan No Name: Tiriti!, Lepora eta Haizea x Ningra x Dj X taldeen kontzertuak izan genituen eguna borobiltzeko.

Ohiko magazinez gain, Hizpide, Suelta la Olla, Zebrabidea, 43 irratsaio propio egongo dira entzungai irratiaren bi kateetan: Hala Bedi Bat kate elebidunean (107.4 FM Gasteiz eta Lautadan / 107.7 FM Arabar-Errioxan) eta Hala Bedi Bi-n, euskara hutsezko katean (Online eta laster uhinetan). Irratsaio horietatik 13 euskaraz izango dira, 29 gazteleraz eta beste bat galegoz.

Gainera, Arrosa sareari esker Euskal Herriko beste irrati batzuetan ekoitzitako 11 irratsaio ere entzun ahal izango dira gure uhinetan.

Orotara zazpi irratsaio berri batu dira Hala Bediren uhinetara:

  • Eh txo: Eszena lokala hizpide Araba Underground/a arakatzea eta hauspotzea helburu duen irratsaioa. Euskal Herriko aktualitate musikala, kaleko istorio eta letra larriz idatzitako KALEKO HISTORIA, elkarrizketak eta askoz gehiago!.
  • Blue Cafe: Uhinetan zehar nabigatzeko lekua, zugana iristekoa. Istorio errealez jositako espazioa, interes desberdineko pertsonen ahotatik kontatuak, egunez egun egi bihurtzen dituztenak. Ordubete beraiekin, eta euren bizitzen zati txiki batekin. Musika onaren eta nire konpainian, Blue jauna.
  • Filosofia para mentes inquietas: Ordurik filosofikoena. Denok gara filosofoak; bizitzako arazoek, arazo politikek, sozialek eta humanok guztiongan dutelako eragina. Elkarrizketatik abiatuta eta, ondoren, gure bizitzan modu kontsekuente batean jokatuz eraikitzen da filosofia.
  • Mas asfalto: Mugimendu Sozialistaren aktualitate eta formakuntza irratsaioa da. Bertan, koiuntura politikoaren elementu azpimarragarrienak landuko ditugu; “Atal tematikoa” deituriko sekzioan, bestalde, gai konkretu bat jorratuko dugu, hitzaldi, eztabaida eta elkarrizketen bitartez. Azkenik, sorkuntzarako espazioa ere izango dugu “Ekoizpen artistikoa” deituriko atalean.
  • Sincopadas: Orotariko musika entzungo dugu eta honen inguruan ohikoa ez den perspektiba batetik hitz egingo dugu. Industria musikala eta honen kontsumoa ere izango ditugu mintzagai.
  • Con un pie en la luna: Autoestima lagundu, estereotipoak hautsi eta gizartean txertatuta dagoen gaixotasun mentalaren gaineko estigma apurtzera datorren ariketa emozionala.
  • La bola loca: Hardcore mugimenduari eta honen eszena lokaleko zein nazioarteko eszenako kontuei eskainitako espazio musikala. Gastiz Hardcore crew-ko lagunak arituko dira kontzertuen, taldeen, diskoen, elkarrizketen eta bestelako gaien inguruan hizketan.