argia.eus
INPRIMATU
42 milioi euro gastatu zituen Espainiak Kataluniako erreferendumaren aurka aritu ziren polizien gainsoldatetan
  • “Koperniko” operazioa delakoak milaka polizia mobilizatu zituen Kataluniara, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma geldiarazteko. Parte hartu zuten indar polizialei ordainsari gehigarriak eman zizkien Gobernuak.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 30

Gauza jakina zen orain arte “Koperniko” izeneko operazioak 87 milioi euroko kostua izan zuela gutxienez. Duela gutxi aditzera eman denez, ordea, 42 milioi euro gehiago kostatu zen, polizia agenteen ordainsariak eta guzti.

Espainiako Gobernuak Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren gainsoldatak jakinarazi behar izan ditu, 2017ko udazken hartan urriaren 1eko erreferenduma erreprimitzeko antolatutako operazioan.

VilaWeb hedabideak jakin ahal izan duenez, 42.140.600 euro gastatu ziren guztira agenteen soldata gehigarrietan. Zehazki, 21.140.600 Espainiako Poliziarentzat izan ziren, eta beste 21.000.000, berriz, Guardia Zibilarentzat. Horixe ondoriozta daiteke Espainiako Ogasun Ministerioaren agiri batetik –hiru urte geroago argitaratu da, Omnium Culturalek egindako eskaera bati esker–.

Hori ez ezik, dokumentuak zehazten du Koperniko operazioan parte hartu zuten agenteen kopurua ere. Espainiako Poliziako 3.545 agente bertaratu ziren, zeinak Katalunian jada ezarrita daudenekin batera 7.325 agenteko dispositiboa osatu zuen. Helburua “ordena publikoa bermatzea” eta “azpiegitura kritikoen segurtasuna” zaintzea zen, dokumentuaren arabera.

Guardia Zibilari dagokionez, 3.511 agente bidali zituzten, guztira 7.938. Horrenbestez, Espainiako Estatuaren 15.263 agente mobilizatu ziren gutxienez hiru hilabetetan. Horietatik, 1.670 poliziak eta 995 guardia zibilek Piolinen itsasontzian hartu zuten ostatu.