argia.eus
INPRIMATU
412 hildako EAEko zahar egoitzetan, langileak eta senideak haserre
  • Haserre, erakunde publiko eta enpresengandik informazioa tantaka iristen zaielako. Oso suminduta babes neurriak, ez langileentzat ez egoiliarrentzat garaiz ez direlako hartu, eta nahikoa ez direlako. Asteak igaro dira eta senideek eta langileek hasierako gabezia antzekoak deskribatzen dituzte. Bitartean, zifrek gora egiten jarraitzen dute: Araban 128 hildako, Gipuzkoan 127 eta Bizkaian 157.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 19a
Argazkia: Dani Blanco.

EITBk apirilaren 17an bildutako datuen arabera, Araban 128 erabiltzaile hil dira egoitzetan. Arabako Foru Aldundiak adierazi zuen apirilaren 15era arteko datuak batuta ateratzen dela kopuru hori. 128 horien artean 69 egoitza pribatuetan bizi ziren; 57 foru aldundiaren erresidentziatan; eta gainerakoak udal zentroetan. 96 zentro daude Araban eta haietatik 26tan aurkitu dituzte positiboak.

Gipuzkoan 127 egoiliar hil dira. Herrialdean hil direnen %70 egoitzako egoiliarrak dira. 64 erabiltzailek gaitza gainditzea lortu dute. 290 pertsona daude koronabirusak jota. 41 Gurutze Gorriaren erietxean daude Donostian eta 35 ospitaletan. 65 egoitza daude Gipuzkoan eta horietatik 16tan kutsatutako gaixoak daude. Langile kutsatuen datuak ELA sindikatuak eman ditu, Foru Aldundiak ez ditu zenbatzen. Gipuzkoako egoitzetako ELAko arduradunak apirilaren 15ean emandako datuaren arabera 200dik gora langile daude kutsatuta. Datu hori ez da osoa, ELAk ez baititu ordezkariak egoitza guztietan. [Txomin Lasari egindako elkarrizketa: “Instituzioek eta enpresek onartzen dute halako egoera batean hildakoak egon daitezkeela egoitzetan”].

Bizkaiak ez ditu datuak ematen EAEko beste bi foru aldundien maiztasunarekin. Azken datuak, Unai Rementeria ahaldun nagusiak eman zituen batzar nagusietan, apirilaren 16an, oposizioko alderdiek agerraldia egiteko eskatu eta gero. Gogor kritikatu dute foru aldundiaren gardentasun eza oposizioko alderdiek. Sindikatuek eta egoiliarren senideen Babestu Bizkaia elkarteak kudeaketa okerra egitea eta babes neurri nahikoa ez hartzea egotzi diote foru aldundiari. [Babestu Bizkaia elkarteko kide bati egindako elkarrizketa: “Zaharrak ahulenak direla diote eta egoitzetan ez dago inolako kontrolik”].

157 egoiliar hil dira eta 20 pertsona gehiago kutsatuta egon zitezkeen hil zirenean. 824 egoiliar daude kutsatuta. 824 horietatik 418k berrogeialdia egin dute. 200 langile bajan daude COVID-19an positibo eman dutelako. 155 egoitza daude Bizkaian eta kutsatuak 39 egoitzetan daude.