argia.eus
INPRIMATU
41 langile hil dira aurten Euskal Herrian
  • Astelehenean Karrantzan kamioilari batek bizia galdu zuen lanean ari zela. Azken istripu honekin 41 dira Euskal Herrian 2017an lan istripuan hildako beharginak.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 23a

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek mobilizazioa egingo dute abuztuaren 24an Bilbon, prekarietateak langileen bizia arriskuan jartzen duela salatzeko eta istripu gehiago eman ez daitezen neurriak exijitzeko. "Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez!" lelopean egingo da.

Garraiolariaren heriotzaz gain, pasa den asteko hilaren 18an Durangoko Fumbarri fundizio enpresako beste behargin bat ere hil zen. Azken bi langile hauekin 41 dira aurten Euskal Herrian hildakoak, LABen arabera: Araban 3, Bizkaian 14, Gipuzkoan 14 eta Nafarroan 10 -Ipar Euskal Herrian ez da hildako langilerik salatu-.