argia.eus
INPRIMATU
41 film lehiatuko dira Lekeitioko Euskal Zine Bileran
  • Azaroaren 22tik 29ra bitartean, aurtengo euskal zinema profesional eta amateur onena ikusteko aukera izango da Lekeition. Euskaraz egiten den zine bilera bakarraren 38. edizio da aurtengoa.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 09a
Iazko Euskal Zinema Bilerako sarituen talde argazkia. (Bostokphoto)

1978an antolatu zuten lehen aldiz Lekeitioko Euskal  Zinema Bilera. Ordutik hona, euskara eta euskarazko zinemagintza uztartzeko ahalegina egin du. Hori lortzeko bi helburu izan ditu. Batetik, euskal zinemagile amateurrak ezagutzera eman, eta bidea egiten lagundu. Bestetik, euskal zinemagintza profesionalaren bilgune bihurtu. Hori dela eta, lehiaketak bi kategoria ditu: amateurra eta profesionala.

Edozein film egilek har dezake parte lehiaketan, beti ere aurkeztutako lana euskaraz bada. Ekoizpenak, amateur zein profesional, ohiko kategorietan lehiatuko dira: zuzendaritza, ekoizpena, gidoia eta argazkia. Profesionalen sailean 1.600 euro eta zilarrezko antzarra jasoko du irabazleak. Amateurretan aldiz, 1.000 euro eta zilarrezko antzarra. Pelikula onenaren saria ere izango da urtero legez. Irabazleek, urrezko antzarrarekin batera jasoko dute 1.900 euro profesionalen sailean eta 1.300 euro amateurrean.

Aurtengo epaimahaia osatuko dute Aitor Merino aktore eta zuzendariak (El pan nuestro, Asier eta Biok), Iban Gonzalez ekoizleak (Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa), Oihana Garro EHUko irakasleak, Gotzon Sanchez aktoreak eta Izaskun Alvarez artista eta diseinatzaileak.

Sari bereziak eta proiektu onenari diru laguntza

Sari nagusietatik aparte, Euskal Zine Bilerak beste hiru banatuko ditu. Gazte 22 sarian 1992ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako zinemagileek  hartuko dute parte; edizio honetan bost lan aurkeztu dira. Antzar Morea sariak bestalde, genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du. Epaileek kontuan hartuko dute emakumearen presentzia zenbatekoa izan den lana sortzeko prozesuan ere.

Azkenik, Benito Ansola Saria banatuko dute, kasu honetan proiektu onenari. Irabazleak 3.000 euroko beka jasoko du, eta 2016ko iraila arte izango du proiektua gauzatzeko.