argia.eus
INPRIMATU
41 egunen ondoren utzi du gose greba Rajoyren dimisioa eskatzen zuen bilbotarrak
  • Jorge Arzuaga, 24 urteko gazte bilbotarrak urriaren 12an hasi zuen gose greba Madrilgo Puerta del Sol plazan. 41 egun pasa dira ordutik eta “osasun arazoaksaihesteko” ekimena utziko duela iragarri du.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 22a
Jorge Arzuagak gose grebaren amaiera iragartzeko komunikatua irakurri duen unea.

Bilboko gazteak gose greba hasi eta egun gutxitara beste bost lagun gehitu zitzazkion. Haiek ere protesta utziko dutela adierazi dute.

“Ezer ez egitea da ezertarako balio ez duen gauza bakarra” esaldiarekin amaitu dute hamarnaka pertsonen aurrean irakurri duten komunikatua.

Hilabete baino gehiagoan janik probatu gabe egon diren denboran “gosea eta nekea izanagatik jarrera aktiboa” izan dutela baieztatu dute. “Gutxi batzuen aberastasunerako eta gehiengoaren kalterako zerbitzu publikoen pribatizazioaren kontra gauden herritar gisa hezkuntza eta osasun protestetan parte hartu dugu. Baita garbitasun arloan eta Telemadriden izan dituzten enplegu erregulazio espedienteak (EEE) salatzeko. Desjabetutako familiei elkartasuna adierazi diegu, eta frankismoaren biktimen eta umeen lapurreta pairatu zutenen ondoan egon gara. Elikagaien bilketa bat antolatu dugu eta beharra dutenen artean banatu”, jakinarazi dute Arzuagak eta kideek.

Ezkutuko Estatu kolpea

Egoera okerrera doala-eta “Herritarren Segurtasunerako” lege proiektu berriaren aurrean kezkatuta agertu dira gose greba aurrera eraman dutenak. Haien esanetan, "Kode Penalaren erreforma horrek garbi adierazten du PPk legegintzaldia hasi zuenetik martxan jarri duen isilpeko Estatu Kolpea".