argia.eus
INPRIMATU
40MinutuRock jaialdiaren bosgarren edizioak badu kartela
  • Otsailaren 22 eta 23an Durangoko Plateruenan egingo da 40MinutuRock. Sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 07a
Jaialdiaren aurreko edizioetako bat (Argazkia: Andoni Pititako)

Elkarrekin Arnasteko Ordua Da lemapean burutuko da 2019ko 40MinutuRock jaialdiaren bosgarren edizioa. Bost urte hauetan, musikaren bidez, euskal preso eta iheslarien egoera salatzeko eta elkartasuna adierazteko milaka lagun batu izana ospatuko dute.

Otsailaren 22an, ostirala, “Etxerako giltzak. Preso, iheslari eta deportatuen ausentziaz” emanaldia ikusteko aukera egongo da. Etxerat elkartearekin batera antolatutako saioak musika, dantza eta antzerkia uztartzen ditu.

Otsailaren 23an, larunbata, urteroko ohiko musika jaialdia egingo da. Musika estilo anitzeko talde ugari igoko dira oholtzara: IRA, Ezetaerre, Gorpuzkingz, Gorka Suaia, Bad Sound, Nøgen, Rude Pride, Rotten XIII, Esne Beltza, Hesian, Huntza, Zea Mays, Parabellum eta Zirkinik bez! kasu. Kontzertuen ostean, Elepunto eta Alus musika jartzaileak hartuko dute tokia.

Sarreran salgai daude dagoeneko Durangoko Plateruenan eta sarean, eta aurki “ohiko tokietan” ere erosteko aukera egongo dela aurreratu dute.

Gune askea

40MinutuRock jaialdian eraso matxistarik ez dela onartuko ohartarazi dute antolatzaileek. “Sobran dakigu, gehienetan jai giroak espazio arrotzak bilakatzen direla emakumeontzat. Nazkatuta gaude, eta guztiontzako gune askea izango den jaialdia bakarrik onartuko dugu”, adierazi dute. Hala bada, gerta daitekeen edozein erasoren aurrean erantzun ahal izateko, jaialdian zehar erasoen kontrako telefono zenbaki bat egongo da martxan: 603 65 99 88.